Itxi

KORONABIRUSA

Zubia: "Ezin da esan AstraZenecaren txertoak tronbosi gehiago sortzen dituenik"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Donostia ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak azaldu duenez, 30 kasu 5 milioiren artean txertoa jaso ez dutenek izango duten tasaren oso antzekoa da; beraz, ez dago esaterik txertoagatik izan denik.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Covid-19aren txertaketa azkartu eta AstraZenecaren gertakina talde gehiagori inokulatzen hasi diren aste berean -irakasleak ere sartu dira txertaketa planean- albiste kezkagarriak ere zabaldu dira txerto honen inguruan. Izan ere, Danimarka, Norvegia eta Islandiak gertakin hori txertatzeari utzi diote behin-behinean, tronbosi kasu batzuk aztertu bitartean.

Sendagaien Europako Agentziak "lasaitasuna" eskatu du eta "txertatzen jarraitzea" aholkatu du. Sendagaien Agentziaren arabera, ez dago loturarik txertoaren eta tronbosi kasuen artean. Iritzi berekoak dira EITB Median elkarrizketatutako hainbat aditu: Miren Basaras EHUko mikrobiologoa, Ainara Castellanos EHUko Medikuntza Fakultateko Genetika Saileko irakaslea edo Jaime Jesus Perez Espainiako txertaketa elkarteko kidea, esate baterako.

Gaur, iritzi bereko agertu da Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko zerbitzuburua Euskadi Irratian igandero ondu ohi duen Osasun Etxea saioan: "Bi gauza geratu dira argi honekin. Batetik, zaintza sareek funtzionatzen dutela. Edozein botika edo txerto berrirekin zaintza sareak martxan jartzen dira, arazoren bat gertatuko balitz jakin ahal izateko, eta garbi dago funtzionatzen dutela. Hori esanda, bigarren kontua ondorengoa da; 5 milioi lagun txertatu eta 30 tronbosi kasu gertatu izanak ez du esan nahi txertoaren ondorio izan direnik. Txertoa hartu eta ondoren gertatu dira kasu horiek, bai, baina ez derrigor txertoaren eraginez. Nola jakin daiteke eragina duen edo ez? Alderaketa eginda. Bestela ere, bost milioiko kolektibo batean zenbat tronbosi kasu gertatuko liratekeen ikusita, kopurua horrelakoxea litzateke. Beraz, ez daukagu arrazoirik esateko txerto horrek tronbosi gehiago sortzen duenik". Horregatik, txertatzen jarraitzearen alde egin du Zubiak, "adi-adi eta zaintzen jarraituz".

Tronbosia izatea, hein handi batean, herentzia genetikoak baldintzatzen duela gogorarazi du Donostia ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak, bai eta bizitza sedentarioak ez duela mesederik egiten ere. Hala, aholkurik ematekotan, txertoa jaso eta gero geldirik ez egoteko, ibiltzeko, gomendatuko luke; garbi utzita, hori bai, "bestela ere ikusten ditugun gertaerak" direla odol-bilduak, "eta ez nituzke zuzenean lotuko txertaketarekin".

AstraZenecaren txertoak sortzen dituen albo-ondorioen inguruan, Eusko Jaurlaritzak adierazi du EAEn 34.000 pertsona baino gehiago txertatu direla eta ez dela "albo-ondorio larririk" izan; % 1ek soilik izan ditu albo-ondorio "arinak". Entzuleek %1eko zifra hori zalantzan jarri eta gero, Zubiak adierazi du inguruko kasuak ikusita, berak ere uste duela %1ak baino "nabarmen gehiagok" izan dituela "albo-ondorio arinak". Hala ere, "arinak" direla nabarmendu du, ez dela ezer larria, 24-48 ordu irauten dutela eta "merezi" duela txertoa hartzeak.

Koronabirusaren aldaerek sortzen duten kezkaren inguruan, lasaitasunerako deia berretsi du Zubiak: "Ez dituzte kasu larriagoak sortzen, gehiago baizik". Batez ere "gure ohiturek" kezkatzen dute medikua: "Aldaerak kutsakorragoak izan daitezke eta horrek positibo kopuruan igoera txiki bat eragin dezake, baina daramagun bizimodua eta hartzen ditugun neurriak dira gakoa. Eta daramagun bizimoduarekin asko kostatuko zaigu hemendik jaistea, eta are gehiago neurriak arintzen baditugu eta ohiturak aldatzen ez baditugu".

Azkenik, aire zabalean ibiltzearen aldeko aldarria egin du berriz ere: "Egurats zabalean ez da apenas aerosolik sortzen".

"Ez dago frogarik", ziurtatu du AstraZenecak

Bestalde, bere txertoak odolbilduak sortzeko arriskua areagotzen duela esateko "frogarik ez" dagoela ziurtatu du AstraZeneca konpainiak. Erresuma Batuan eta EBn txertoa jaso dutenen artean "azterketa zorrotza" egin dutela erantsi du enpresak.

"EBn eta Erresuma Batuan 17 milioi pertsona inguruk jaso dute dagoeneko gure txertoa, eta odolbildu kasuen kopurua batez besteko orokorraren azpitik dago", azaldu du sendagaien konpainiak, Ann Taylor buruzagi medikoak sinatutako ohar baten bidez.

"Pandemiak kasu indibidualetan arreta areagotu du. Botiken jarraipena egiteko orduan, ohiko praktikak gainditzen ari gara segurtasun publikoa bermatzeko", gaineratu du Taylorrek.

Irlanda eta Piamonte (Italiako eskualdea) azkenak izan dira AstraZenecaren txertoa erabiltzeari uzten; Austria, Danimarka, Estonia, Lituania, Norvegia, Islandia eta Thailandiak gauza bera egin ondoren. Hala ere, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ziurtatu duenez, AstraZenecaren txertoa "erabiltzeari uzteko arrazoirik ez dago".

Albisteak (5)

Audioak (1)