Itxi

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Neurriek koherenteak behar dute, bestela sinesgarritasuna galtzen da"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jaurlaritzak Aste Santurako iragarritako neurri berrien inguruan kritiko agertu da Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua: "Neurri bat hartu bada, ezin da izan batzuentzat bai eta besteentzat ez".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Covid-19 kasuen gorakadari galga jartzeko helburuz, Aste Santurako neurri murriztaile berriak hartzea erabaki du aste honetan Eusko Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu lehendakariak ostiralean iragarri zuenez, 100.000 biztanleko 400eko tasa duten herriak itxita egongo dira astelehenetik aurrera eta herri horietako ostalaritzak ordutegi murriztua izango du taberna eta jatetxeen barrualdeetan. Salbuespen bat iragarri zuen, ordea: jada erreserba egina zuen jendea gorrian herri horietatik atera edo herri horietara sartu ahal izango da.

Planteamendu horrek kritika ugari eragin ditu. Atzo, Parlamento en las Ondas Radio Euskadiko saioan EAEko neurri berriak "inprobisazio eta zentzugabekeria" direla esan zuen oposizioak. Gaur, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan neurriek "osoak eta koherenteak" izan behar dutela defendatu du Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak, "bestela, sinesgarritasun guztia galtzen delako".

Batetik, neurriak hartzen berandu ari garela uste du Zubiak eta bestetik, neurri horiek ez direla zuzenak: "Berriro ere bai baino ez dinamika batean ari gara eta hori etsigarria da. Lehenik eta behin, 15 eguneko tasa erabiltzeak beti berandu ibiltzea dakar. Aditu gehienek diote 15 eguneko tasaz gain 7 eguneko tasak erabili behar direla, eta 7 egunekoa 15 egunetakoaren %60 baino handiagoa denean okerraldia hasi dela adierazten duela. Horregatik, 15 egunera arte itxaroteak ez du zentzurik".

"Beraz, nik uste berandu gabiltzala, eta, batez ere, neurriak hartu behar badira, neurriek osoak eta koherenteak izan behar dutela. Neurri bat hartu baldin bada, ezin da esan batzuentzat bai baina besteentzat ez, erreserbak dituenarentzat bai baina besteentzat ez, sinesgarritasun guztia galtzen delako, jendearen haserrea okertzen delako eta lehendik ere bagaude nahiko nekatuak eta nahiko etsita".

Nolabaiteko "gurpil zoro batean sartuta" gaudela adierazi du Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak, ez dugula ikasi, eta oso kezkatuta agertu da kalean izaten ari den gorakadak ospitaleetan izango duen eraginaz. Atzo bakarrik 70 lagun ospitaleratu behar izan zituzten koronabirusa dela eta.

"Txertaketak aterako gaitu hemendik", baina "oso mantso doa, modu etsigarrian" gehitu du. Horregatik, txertaketa masiboa iritsi arte neurriei eusteko deia berretsi du.

Aerosolak direla une honetan arrisku handiena sortzen dutenak gogorarazi du Zubiak eta gainazal zein eskuen garbiketari baino garrantzia handiagoa eman behar zaiola "toki itxiak ondo aireztatzeari, maskara egoki erabiltzeari -baita bi metroko tartea eduki daitekeenean ere, airean lurrunduta geratzen baita birusa- eta ahal den guztia aire librean egiteari". CO2 neurgailuak oso eraginkorrak direla nabarmendu du, "90 euro" balio dutela eta bizikidetza ezberdinetakoekin ez biltzeko eskatu du berriz ere.

Albisteak (3)

Audioak (1)