KORONABIRUSA
Zubia: "Osasun sistema guztia kolokan jarri da, batez ere, Gipuzkoako datuengatik"
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Egunik okerrenetan gaudela eta datorren astetik aurrera kasuak jaisten hasiko direla iragarri du Donostia Ospitaleko ZIUko buruak, baina argi du ekain hasierara arte ez dela ZIUetako egoera baretuko.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Pandemia hasi zenetik izan den egoera latzenean gaude Gipuzkoan" esan zuen aurreko astean Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Zubiak azaldu zuenez, gero eta paziente kritiko gehiago zituzten eta bigarren atal bat ireki behar izan zuten horiek artatzeko. Gaur, astebete beranduago, hirugarren unitate bat ere ireki behar izan dutela jakinarazi du eta horrekin ere nahikoa ez zelako, eskerrak eman dizkie Gipuzkoako gaixoak hartzen ari diren Arabako eta Bizkaiko ospitaleei.
"Osasun sistema guztia kolokan jarri da, batez ere, Gipuzkoan ditugun datu txarrengatik" hausnartu du Zubiak, eta Nafarroan kutsatzeak behera egiten ari diren arren, Araban "hortxe-hortxe eusten diotela" eta Bizkaian zein Gipuzkoan datuak goraka doazela gogoratu du. Donostia Ospitaleko ZIUaren erradiografia argia egin du: "Oinarrizko kopuruekiko, gure okupazioa %190ekoa da".
Honek guztiak izango duen eragina argi du Zubiak: "Iazko udan, deseskalatzearen aurretik plangintza bat egin zen, plangintza horrek bost fase ditu eta laugarrenean gaude. Oheak eta, batez ere, langileak behar ditugu, eta langileak nondik ateratzen dira? Kirofanoetatik. Horregatik ebakuntza asko bertan behera utzi edo atzeratu egingo dira, larrienak ez direnak, noski".
Testuinguru beltz honetan, baina, esperantzarako argi printza ere ikusten du Zubiak: "Nik uste eutsiko diogula, kutsadura maila altueneko egunak bizi izan ditugula edo bizitzen ari garela, gero egonkortze bat etorriko dela, eta datorren astetik aurrera kopuruak jaisten hasiko direla. Guri oraindik beste 7-10 egunetan kopuruak goraka joango zaizkigu, orain kutsatu direnak 7-10 egunetan hasiko baitira okertzen, eta kontuan izan behar da gero, batezbeste, 21 egun egiten dutela gaixoek ZIUn, batzuk 100 egunera arte ere iristen dira. Hilabete eta erdi oso txarra pasatuko dugu; batez ere, Gipuzkoan".
Gauzak horrela, Donostia Ospitaleko ZIUko buruak uste du ekain hasierara arte ez dela euren egoera baretuko, eta bide horretan, laguntza eskatu die herritarrei eta agintariei: "Orokorrean, eta pandemia gabe ere, osasun sistema indartsuagoa defendatu izan dut beti, baina ezin gara piramidearen puntara begira egon -ZIUetara, alegia- oinarrira baizik, transmisioa eten egin behar da, hor Administrazioak, Legeak eta herritarrek dute gakoa, eta kale egin da".
Txertaketari buruz: berinfekzioak, inmunitatearen iraupena...
Txertaketaren inguruko galderak ere jaso ditu, astero bezala, Zubiak eta hainbat argibide eman dizkie entzuleei. Danimarkako ikerketa bati erreferentzia eginez, jada covida igaro dutenen %1 inguruko bakarrik infektatzen dela berriro esan du (65etik beherako ia inor ez), txertatzeak eragiten duen inmunitatea ikaragarria dela, "Erresuma Batuan txertatuen artean gaitz larria ia %100ean galarazten du eta sintomarik ez du izaten %70ak" azaldu du.
Ildo horretan, inmunitateak zenbat irauten duen oraindik argi ez badago ere, ez inmunitate naturalarena ezta txerto bidezkoarena ere, ikerketen arabera, inmunitate naturalak gutxiago irauten duela esan du Zubiak. Hori bai, oraindik ez dakitela berriz ere txertatu beharko diren herritarrak, zenbatero etab.
Jada infekzioa pasatu dutenen kasuan, 6 hilabetera txertatu behar direla gogorarazi du. Dosi bakarrarekin 65 urtetik azpikoak eta bi dosirekin 65etik gorakoak.