KORONABIRUSA
Felix Zubia: "AstraZeneca edo Pfizer? Eskaintzen dizuten hori hartu"
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
"Ez dago eskubiderik horrelako nahaste borraste bat antolatzeko" dio Donostia Ospitaleko ZIUko buruak eta "botika baten fitxa teknikoa bete nahi duzula sinaraztea burugabekeria" dela gaineratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
60 urtetik beherako 83.300 oinarrizko langilek jaso zuten AstraZenecaren lehen dosia Euskal Autonomia Erkidegoan eta 21.000k Nafarroan. Orain, bigarren dosia hartzeko garaia iritsita, EMAk formula berdina errepikatzearen alde egin du eta Espainiako Gobernuak Pfizer lehenestekoa. Hala, EAEn Pfizer eskainiko zaie pertsona horiei eta nahi ez duenak, AstraZenecarena izatea nahi duelako bigarren dosia, dokumentu bat sinatu beharko du eta hornidurari itxaron.
Gai hauxe izan du hizpide nagusi Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak igande honetan Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. "Ez dago eskubiderik horrelako nahaste borraste bat antolatzeko, erabakia herritarren esku uzteko, eta logistika arazo bat osasun arazo bihurtzeko" hasi du bere irakurketa. "Berez, bigarren dosiak AstraZenecarekin behar luke, hala diote EMAk eta 17 mediku elkargoak. Kontua zer da, hornidura arazoak daudela? -ez dagoela oraingoz AstraZeneca dosi nahikorik, alegia- Konbinatu daitezke bi formula ezberdin? Bai" hausnartu du. Bi formula ezberdin nahasteak ondorio arinak, ondoeza, beherakoa... areagotzen dituela azaldu du, baina ez duela ondorio larririk eragiten, "arriskurik ez du eta eraginkorra da".
AstraZenecarekin errepikatu nahi dutenek sinatu behar duten agiriaren auzia, berriz, "burugabekeria" iruditzen zaiola esan du: "Guk medikuntzan fitxa teknikoak jarraitu behar ditugu, eta hori ez jarraitzeak ekarri beharko luke sinaduraren beharra. Inori botika baten fitxa teknikoa bete nahi duela sinaraztea burugabekeria" da.
"Nik zer egingo nukeen? Iritsi ahala dagoena hartu. Norbaiti deitze badiote eta Pfizer eskaintzen badiote, baiezkoa esan beharko luke. Eskaintzen dizuten hori hartu eta listo", horixe da bere gomendioa. Hori bai, norbaitek AstraZeneca izan arte itxaron nahi badu, ez dela ezer gertatzen ere garbi utzi nahi izan du: "Erresuma Batuko adibidea ikusita, ez da ezer gertatzen AstraZeneca hartzea pixkat bat luzatzen bada ere". Batzuk lehen dosiarekin bakarrik geratzeko tentazioa izan dezaketela eta, gomendagarriena pauta guztia osatzea dela berretsi du, bi dosiak jartzeko, alegia. Dena dela, lehen dosiarekin bakarrik geratzen direnek covid gaixotasun larriarekiko %70eko babesa izango dutela gogorarazi du.
Bide batez, EMAk ekainaren erdi aldera Curevac txerto alemaniarra -EAEn ere egin da entsaio klinikoa- onartu dezakeela eta, entsegu horretan aritu diren arduradun batzuekin egon dela adierazi du Zubiak, emaitzak oso onak izan direla eta ekain amaieran txerto horiek jartzen hasteko moduan izango direla.
Udari begirako aurreikuspenak
Azken aste honetan EAEn zein Nafarroan pandemiaren joera beheraka doala ikusita, pozik agertu da Donostiako ZIUko burua. Eurek ere antzeman dute euren unitatean: "mantso, baina lasaitzen ari da egoera. Badaukagu kezka puntu bat, dena dela. Ez gara beltzetik zurira pasa, grisean gaude eta jarrai dezagun neurriak zaintzen".
Pauso asko azkar xamar ematen ari direla uste badu ere, udara begira "baikor" agertu da Zubia: "Aldaketa handia suposatuko du 50etik gorako guztiak txertatuta daudenean. Birusak zabaltzen jarraituko du baina gehien kaltetzen dituenak babestuta egongo dira". Babes hori lortzeko bi dosiak jaso eta 10-15 egun itxaron behar direla kontuan izanda, uztail amaiera edo abuzturako espero du egoera horretan egotea.
Behin hori lortutakoan, egoki deritzo aire librean musukoa derrigorrezkoa ez izateari, baina "barrualdeetan egoteko bai, mantendu beharko litzateke" dio, konbentzituta.
Normaltasunera itzultzeko biztanlegoaren %80 txertatuta egon beharko dela azpimarratu du, eta "mundu mailako txertaketa zabala" bermatu beharko dela, bestela, aldagaiak sor daitezkeelako eta "berriro ere hasierako puntura itzuli".