Krisia Osakidetzan
Zubia: "Ospitaleen erreferentzialtasuna ezin da puskatu, dela Donostialdea, dela Gurutzetako Ospitalea"
T.S.J. | EITB MEDIA
Donostialdeko ESIaren krisiaz eta horren inguruan sortutako zalapartaz mintzatu da Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko burua. Ez dela "ospitaleen arteko lehia bat, ezta borroka politikoa" argitu du, eta osasun langileen ahotsa entzuteko eskatu die arduradun politikoei.
Donostialdeko ESIaren krisi sakona mintzagai izan du Felix Zubia Donostia Ospitaleko medikuak eta ZIUko arduradunak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" irratsaioan, eta egoeraren analisia, osasun langileen eskaerak eta balizko konponbideak azaldu ditu Arantxa Arza kazetariari eskainitako hitzetan.
Zubiak hasi du esanez "egoera kezkagarria" dela, eta horrek eragin duela langileen mobilizazioa. "Osakidetzaren eredu bertikalak asko kezkatzen gaitu, aldatu beharra dago. Osasun Sailari erabakitzeko gaitasuna aitortzen diogu baina, horrekin batera, gure iritzia kontuan izan behar duela iruditzen zaigu, pazienteen alboan gaudenak gu garelako", eskatu du.
Gainera, Osakidetzako langileen behin-behinekotasuna ere kritikatu du. "Langileok tratu hobea behar dugu eta, hala ez bada, horrek ere pazienteen kalitateari kalte egiten dio", salatu du. "Arazoa ez da Donostian fokalizatu behar, osasun sistema osoak duen arazo bat delako, urtetatik datorrena eta berehala konponduko ez dena". Hortaz, Donostialdeko osasun profesionalen eskaerak horrela laburbildu ditu Zubiak: "aldatu dezatela bertikaltasuna, langileok kontuan har gaitzatela eta egin ditzagula aldaketak kalitate hori bermatu aldera".
Gizartearen zahartzea
Horrekin batera, beste bi baldintza aipatu ditu, Osakidetzak azken hamarkadetan bizi duen hondatzea azaltzeko. "2006an belaunaldi aldaketa zetorrela ikusi zen, eta jarraian iritsi zitzaigun krisi ekonomikoa. Osasun langileen erreleboa ez zen behar bezala egin, behin-behinekotasuna ikaragarri areagotu zen (egun % 45aren gainetik dago), lan-baldintza kaskartu ziren… Orduan ikusi zena eta irizpide ekonomikoengatik egin ez zena, orain ordaintzen ari gara", adierazi du. Bestalde, gizartearen zahartzea aipatu du medikuak, "horrek osasun eskaria handituko du, eta plana aldatzea eskatzen du".
Felix Zubia Donostia Ospitaleko medikuak eta ZIUko burua. Argazkia: EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak egindako elkarrizketarako deiari buruz, Zubiak esan du "lehendakariak kogobernantza sarritan eskatu duen bezala, guk ere gauza bera eskatzen dugula orain, eta nahi genukeela gure iritzia kontuan har dadila, gure eragiten digulako baina bereziki gure pazienteei". Dena dela, argitu du ez dela "borroka politikoa" eta ez doazela "arduradun politikoen kontra, osasun kudeaketako arazo bat delako".
Donostialdeko ESIren erreferentzialtasuna
Arazoaren muinean sakonduz eta Donostialdeko ESIk erreferentzialtasuna galtzeari buruz, Zubiak argudiatu du arazoa ez dela "osasun arreta leku batetik bestera mugitzea, baliabideak eta abilezia handiko profesionalak banatzea baizik". "Toki batean baldin badaramate 11 urte minbizi zehatz batzuk artatzen eta emaitza onak izaten, leku horretan jarraitu beharko luke", esan du, Donostialdeko ESItik Gurutzetako Ospitalera minbizi batzuk sendatzeko lantaldea eramateko erabakia aipatuta. "On bat izatetik bi txar izatera pasako gara", deitoratu du. "Ospitaleen erreferentzialtasuna ezin da puskatu, dela Donostialdea, dela beste bat", ondorioztatu du.
Gainera, azpimarratu du arazoa ez dela ospitaleen arteko lehia bat. "Kontua ez da Donostiako Ospitaleari kendu nahi zaiola eta beste bat lehenetsi; kontua da iritzi teknikoa kontuan hartuta, toki bakarrak behar duela, eta toki bakarrean egiten ez bada, gaizki joango dela", iragarri du.
Balizko konponbideen inguruan, Donostia Ospitaleko ZIUko buruak adierazi du "interesgarria litzatekeela ESI bakoitzean profesionalek osatutako batzordeak eratzea eta, erabakiak hartzeko eta plangintzak egiteko garaian, batzorde horien iritzia kontuan hartzea".
Bukatzeko, iragarri du ez dutela greba egiteko asmorik, pazienteei eskainitako arreta bermatze aldera, baina egunero Donostiako Ospitaleko kanpoaldean egiten dituzten elkarretaratzeei ekingo dizkietela.