Itxi

Buruko osasuna

Antsietate orokortuari aurre egiteko aholkuak, Felix Zubiaren eskutik

Itxaso Leon Kareaga | EITB Media

Leer en Castellano

Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak antsietate orokortuaren inguruko nondik norakoak eta horri aurre egiteko aholkuak izan ditu hizpide Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Felix Zubia Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko buruak antsietatea orokortua izan du hizpide igande honetan, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Besteak beste, gaitz horren jatorria aztertu eta sintomen aurreko argibideak eskaini ditu.

Antsietateaz gero eta gehiago hitz egiten den honetan, antsietate orokortua da gure artean gehien ematen den egoera, "gure bizimoduak horretara garamatza". Hain zuzen ere, medikuak azaldu duenez, Espainiako Estatuan % 10ek dute antsietate zeinuren bat, eta biztanleen % 6-7ak pasako du bizitzan zehar. Gizarte bakoitzak bere gaixotasunak izaten dituela esan ohi da, eta "hau da, beharbada, gurearen gaixotasuna"; bada horretara bultzatzen gaituen "bizimodu edo bizi erritmo bat", baita "lehentasunak, ideiak edo balioak" ere.

Baina bada antsietate mota mantendu bat, denboran luzatu eta neurriz kanpo kezkatuta mantentzen gaituena, era berean ohiturak aldatzera eraman gaitzakeelarik. "Gero eta gehiago hitz egiten da" horri buruz, "arazoa gero eta handiagoa delako". "Lehen ez zitzaion hainbesteko pisurik ematen, eta orain merezi duen tokia hartzen ari da", erantsi du.

Antsietate orokortu horren funtzionamendua azaldu du adituak: animaliak garenez, arrisku egoerei aurre egiteko gaude prestatuta, eta "gure garuna eta gorputza prest daude borrokarako edo iheserako". Erreakzio horrek lagundu egiten du kezka epe laburrekoa eta "proportziozkoa" bada, baina, denboran luzatuz gero eta gehiegizko bilakatzen bada, orokortu egingo da.

Isolatuta agertu daiteke, edo beste gaitz batzuei lotuta (depresioa edo egoera obsesibo konpultsiboak, esate baterako), horien sintoma edo zeinuekin nahasita.

"Kezkak eta egoera larriak bizitzan beti gertatuko zaizkigu", adierazi du Zubiak, "gauza da nola eramaten ditugun". Izan ere, baditugu garunean horri aurre egiteko edo ohitzeko mekanismoak, eta erantzun eraginkorragoak emateko.

Baina, kezka hori hain garbia ez denean, zer dago atzean? Bada, antsietate orokortu batean, "pertsonak bilatzen du kezkatzeko zerbait, nahiz eta berez oso txikia izan". Sintoma psikologiko zein fisikoen bidez antzeman dezakegu egoera horretan gaudela; gainera, "askotan, gorputzeko zeinu horiengatik eskatzen du pertsonak laguntza, baina azpitik dagoena antsietate orokortua da".

Neurriz kanpoko kezka mantendua, beti egoera txarrenean jartzea, berez arriskutsuak ez diren egoerak arriskutsutzat jotzea eta erabakiak hartzeko ezintasuna azpimarratu ditu Zubiak, sintoma gisa.

Denok ditugu kezkak, neurri batean edo bestean, baina arazo bilakatzen da "eguneroko gauza normalak egin ezin ditudanean", gogorarazi duenez. "Askotan izaten dugun irudipena da geuri bakarrik gertatzen zaigula, eta ez da hala", amaitu du Zubiak.

"Etengabe onenak izan beharra daukagu, etengabe gauzak egitera bideratzen gaituen gizarte batean"

Faktore eragileak

- Faktore genetikoak (herentziaz)

- Izaera eta heziketa

- Gizarte faktorea

Azken horretan jarri du fokua medikuak: bizi garen testuinguruan, "etengabe onenak izan beharra daukagu, etengabe gauzak egitera bideratzen gaituen" gizarte batean. Denok izan behar dugu, neurri batean, "irabazle". "Denok irudia mantendu beharra daukagula dirudi, baina gainera gure bizimodua kontatu beharra daukagu", sare sozialetan, sarritan.

"Etengabean estimulatuak gaude eta, horrekin batera, oso gune gutxi ditugu gure arazoak kontatzeko, patxadaz esertzeko", gaineratu du. Alegia, "azaleko konexio labur asko ditugu", baina epe luzeko tarte gutxi".

Zer egin?

- Ezer baino lehen, laguntza eskatu (familia medikuarenera jo genezake, adibidez)

"Egoera ez da sekula hobetzen, gehienetan okertu egiten da denbora utzita. 'Pasako zait' esateak ez du onerako ezer ekartzen"

- Ez alkohola edo bestelako drogarik erabili antsiolitiko moduan, gauzak okertu baino ez du egingo

"Mekanismo horiek mantentzen eta okertzen ditu alkoholak, eta gainera alkoholismora bideratu gaitzakeen bide bat izan liteke"

- Bi tratamendu, elkarren artean osagarriak: psikoterapia eta botikak. Biak beharrezkoak, biak elkarren osagarri

"Garunaren kimika aldatu egiten da antsietate egoera batean. Psikoterapiarik ez badut egiten, sintomak estaltzen ari naiz, baina ez noa sorburura. Bi bideak lantzea ezinbestekoa izaten da, hortaz"

- Bizi estiloa aldatu

"Ariketa fisikoa, naturarekin harremanetan egotea, lasaitzen gaituzten gauzak egin eta horietarako denbora hartzea"

Audioak (1)