EiTBko irratiak
EiTBko irratien udako programazioa abian astelehenetik aurrera
A.E.
EiTB
Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea eta Radio Vitoria udako hitzordu garrantzitsuenetan izango da berrikuntzekin eta saio adierazgarrienekin.
Datorren astelehenean, ekainak 30, EiTB taldeko irratiek, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Gazteak eta Radio Vitoriak, udako programazioa abian jarriko dute. Nobedade ugari, ahots berriak eta saio nabarmenenak oinarri nagusi, Eusko Irratiko emandegiek kultur ekitaldi, jaialdi eta kirol jardunaldi garrantzitsuenen jarraipen zabala egingo dute. Beti bezala, aktualitateari ere helduko diote nabarmen.
Euskadi Irratiko 'Faktoria' irratsaioak aurkezle berriak izango ditu. Uda honetan Oihane Yustos eta Iban Garate izango dira gidariak. 'Faktoria'k informazioa eta bestelako eduki entretenigarri eta erakargarriak eskainiko ditu goiz-goizetik. Horretaz aparte, txirrindularitza zaleek, urtero legez, Tourrari eta Vueltari eskainitako saioa izango dute. Lantalde zabal batek emango digu Tourraren eta Vueltaren berri: Jose Mari Apaolaza buru dela, Ander Altuna kazetaria eta Txomin Perurena eta Xabier Artetxe adituak arituko dira mikrofonoen atzean. Musikak ere izango du bere lekua bi saio berriren eskutik. Batetik, Josu Mitxelenak gidatuko duen 'Rhythm & Bus' saioak musikak lagundutako bidaia geografikoak proposatuko dizkigu munduan barrena. Eta bestetik, Fermin Etxegoienek 'Enperadorearen Zaldirik Onenak' aurkeztuko du, Euskal Herriko musikari instrumentistei egindako 10 ataleko elkarrizketa-sorta.
Bestalde, Radio Euskadik bere programazioko saio nabarmenen alde egingo du, erreferentziazko markei helduz, eta ez dira udarako moduko tarteak eta edukiak faltako. Udako edukiz beteta datoz 'Boulevard', 'MQP', 'Iflandia' eta 'Graffiti'. Radio Euskadin eta Radio Vitorian 'Puesta a Punto' saioak iratzartuko gaitu goizean goizetik. Rosa Ortiz de Mendibil aurkezleak goizeko 6:00etan zabalduko ditu mikrofonoak. Halaber, sanferminak gertu-gertutik biziko dituzte, txupinazoa zuzenean eskainiz eta egunero entzierroen kontakizuna eginez. Gainera, Iruñeko erredakzioaren eskutik eta eguerdiko hamabietan hasita, jaiaren berri emango dute egunean eguneko protagonistak ekarriz. Kirolzaleentzako, Radio Euskadik hainbat kirol hitzordu jarraituko du: Frantziako Tourra, Dani Egaña eta Joseba Belokirekin, eta estropada denboraldia zuzenean eskainiko dituzte.
Gazteak ere udako haize freskoa dakar. 'di da fresh' saioa itzuliko da programaziora, eta aurten, Amaia Artetxek eta Julen Telleriak, 'Akabo Bakia' saioko hizlariek, alaituko dituzte goizak. Lan taldea osatzeko, irratian debuta egingo duen Julian Iantzi eta Joseina Etxeberria izango dituzte. Arratsalde lotsabakoak eta musikaz beteak antolatuko ditu 'Ze Martxa!' irratsaioak. Astebururetan, musika tarte berriak zabalduko ditu irratiak. Bestalde, urtero legez, Gazteak musika jaialdi esanguratsuenen oihartzuna ekarriko du, Bilbao BBK Livena esaterako.
Beste hainbeste egingo du Radio Vitoriak, interes handiko ekitaldi zein jazoerak gertutik jarraituko ditu eta. San Joan bezperatik Olarizura, tartean direla Andre Maria Zuriaren jaiak edo Santiago eguna. Araban antolatuko diren ekitaldi kultural guztien kontakizuna ekarriko du Radio Vitoriak. Ondoren, 'El Madrugador' tartean izango ditugu aurkezle bikote Rakel Navarro eta Aratz Goikoetxea. Asteburuetan Isabel Irigoienek 'Hablando Claro' tartea gidatuko du. Aipagarria, bestalde, Radio Vitoriak musikari emango dion babesa; jazz jaialdiaren irrati ofiziala izaki, kontzertu guztiak emango ditu. 'El Festival de Juegos' ekimenak eta udako kirol, festa eta kontzertuek osatuko dute Radio Vitoriako programazioa.