Elkarrizketa
Eskuinaren gorakadaren arriskuaz ohartarazi du Amical Mauthausenek
O.A. | EITB.EUS
Nazismoaren Espainiako biktimen erakundearen esanetan, Mediterraneoan itota hil den Aylan Kurdi haur siriarraren argazkiak elkartasun eta askatasun baloreetan sakontzeko balio behar du.
Eskuineko alderdiak eta alderdi neonaziak Europan izaten ari diren gorakadaz ohartarazi du nazismoaren Espainiako biktimak ordezkatzen dituen Amical Mauthausen elkarteak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Enric Garriga Amical Mauthausen elkarteko presidenteak adierazi du "ikaragarria" dela alderdi neonaziak izaten ari diren gorakada, eta joera horren aurrean Europa izaten ari den "itsutasuna" salatu du.
Garrigaren esanetan, nazismoaren kontzentrazio eremuetatik bizirik irten zirenek faxismoaren arriskuez ohartarazten dute. "Hori ezin dela errepikatu diote, eta horrek gogoeta egitera bultzatu behar gaitu", gaineratu du.
Azken egunotako errefuxiatuen argazkiak hizpide hartuta, -Aylan Kurdi Europara iritsi nahian itsasoan itota hil zen haur siriarra, adibide- iraganetik ezer ere ez dugula ikasi uste du Garrigak. "Historia errepikatzen ari da, eta eskuinera bira egin duen Europaren arriskua hor dago", azaldu du. Ildo horretan, 1939an Espainiatik ihesi joan ziren 500.000 pertsonen argazkia orain Siriatik edota beste gerra guneetatik alde egin nahian dabiltzanen irudiarekin konparatu du. Egunotako argazkiek kontzientziak astintzeko balio izateaz gain, elkartasuna, askatasuna eta demokrazia bezalako baloreetan sakontzeko balio behar duela uste du. Halaber, balore horiek Europako mugetatik haratago zabaltzearen alde mintzatu da: "ikuspegi internazionalista izan behar dugu". "Europak ongizatean aurrera egin badu, aurrez, beste herrialde batzuk zapaldu izan dituelako da" eta orain Europak ez du haren aberastasuna partekatu nahi Mendebaldearen lapurretaren biktima izan diren horiekin.
Zerk egin du huts? Enric Garrigak bi arrazoi nagusi aipatu ditu: lehena, pedagogia eta hezkuntza falta; bigarrena, ahanztura. Alde batetik, Europako gobernu askorentzat hezkuntza ez dela lehentasuna salatu du -Espainia barne- eta, bestetik, duela 70 urte Espainiatik deportatuak izan zirenen istorioa gaur egungo gazteentzat erabat ezezaguna dela salatu du.
u du.