Itxi

Denboraldi berria

Ahots betez ekin diote EiTBko irratiek denboraldi berriari

EiTB

Aste honetan hasiak dira saio batzuk martxan; dena dela, datorren astelehenetik aurrera izango da entzungai programazio berria osorik.    

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ahots betez hasi dute lan-urte berria EiTBko irratiek. Asteon berrikuntza batzuk dagoeneko iragarri badira ere, datorren astelehenetik aurrera entzun ahal izango da osorik programazio berritua.

Ahots berriak Euskadi Irratiko goizetan

Euskadi Irratian, Maite Artola esatariak heldu dio 'Faktoria' albistegiaren gidaritzari, Euskadi Irratiko lantalde eskarmentuduna eta iritzi-emaile eta profesional ezagun-ezagunak alboan dituela. Euren gogoeta eta mundu ikuskera pertsonala ekarriko dituzte astero 'Faktoria'ra Maialen Lujanbiok, Maite Arroitajauregi  'Mursego'k, Iratxe Fresnedak, Koldo Almandozek eta Ibon Sarasolak. Horrez gainera, aktualitatea aztertzeko solaskide talde zabala izango du alboan Artolak.

10:00etatik aurrera hartuko du 'Faktoria'ko lekukoa Manu Etxezortuk. Elkarrizketak, unitate ibilitariarekin handik eta hemendik egindako kontakizunek eta entretenimenduak hartuko dute irratia.

'Hiri Gorrian' saioak eta 'Mezularia' albistegiak emango diote segida irratiko egunari, arratsaldez. Maider Segurola arituko da 'Hiri Gorrian' saioan gidari, eta Ainhoa Etxebestek ekarriko ditu eguneko soinuak eta albisteak arratsaldeko albistegira.

Aurtengo berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Iratxe Eizagirrek jarriko diola ahotsa egunari, 'Argi Ibili' saioan, 05:00etan. Asteburuan, 'Landaberri' saio historikoak aurkezle berria izango du. Arantxa Artzak gidatuko du Jakoba Errekondorekin batera osatzen den saio arrakastatsua.

Arratsalde berritua Radio Euskadin

Arratsaldeetako programazioa irauli du Radio Euskadik 2015-2016 denboraldirako. Mirian Duquek eta Iñigo Lejarzak 'Graffiti' berritua gidatuko dute egunero, arratsaldeko 4etatik 7etara. Aktualitateari beste ikuspuntu batetik begiratuko diote, umoreari tarte zabala eskainiko zaio, zuzeneko musika izango da eta pertsonaia interesgarrien elkarrizketak entzun ahalko dira sarri. Ondoren, 'Crónica de la tarde' albistegiak azken orduko albisteak hurbilduko dizkie Euskadi Irratiko entzuleei.

'Iflandia' kultura saioa arratsaldeko 3etara aurreratuko da, zientzia eta dibulgazioari leihoa irekiko dio Eva Caballerok 8etan, eta Roge Blasco esatari entzutetsuak iluntzeko 9etatik aurrera egingo die diosala bere jarraitzaile fidelei.

Goizetako programazioak bertsu jarraituko badu ere, izango da ahots berririk. Radio Euskadin Dani Alvarezek iritzi emaile eta analista ugari gonbidatuko ditu 'Boulevard'eko mahaiaren bueltara. Carod Rovira, Iñaki Anasagasti eta Jon Maia izango dira solaskide berriak. Analisiaren atalean, Jesus Torquemada nazioarteko gaietan aditu denari gehituko zaizkio Alberto Lopez Basaguren Zuzenbide Konstituzionalean katedraduna eta Jule Goikoetxea Politika Zientzietako irakaslea. Mari Carmen Gallastegui eta Guillermo Dorronsoro izango dira ekonomia gaietan gidari.

'Boulevard' magazinean, berriz, Loreto Larunbek eduki berri ugari eskainiko ditu, eta aurten arreta berezia jarriko die sare sozialetan eta blog entzutetsuenetan esaten denari.

'Ganbara' gaueko albistegiak gonbidatu berri ezagunak izango ditu. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia, Xabier Lapitz kazetaria eta Ferrán Casas Ará egunkariko Madrilgo berriemalea gehituko zaizkie ohiko solaskideei.

Astean behin, umoreari ere egingo zaio tokia, Facu Díaz La Tuerca telebistako kazetariarekin. Asteburuan, Almudena Cachok jarraituko du 'Más que Palabras' saioaren gidari, larunbat eta igande goizetan.

Goiz animotsua Radio Vitorian

Radio Vitoriak entzuleei bultzadatxoa emanez hasiko du goiza. Pedro Espinosa kazetariak 'Ánimo pues' esango die entzule guztiei goizero, 6:45etik 8etara bitartean. Eguneroko konpromiso eta obligazioei ekiten laguntzea da saioaren helburua, tonu atsegin eta positiboan, ordu horretan jakin beharreko informazioa eskainiz, eta hiriko garbitzaile, garraiolari, nekazari, saltzaile eta mendizainak korrespontsal bihurtuz.

'Araba Gaur' izango da aurtengo denboraldian Arabako eta Gasteizko informazioa hedatzeko albistegia. Goizean, Maritxu Diazek gidatuko du lehen edizioa, analista taldea berrituta: Txema Ramirez de la Piscina, Jon Urresti, Oscar Bañuelos eta Juan Prada izango ditu solaskide. Ismael Diaz de Mendibilek gidatuko du eguerdiko albistegia, eta 'Araba Gaur' albistegiaren arratsaldeko edizioa aurreratu eta zabaldu egingo da. Arratsaldeko 6etatik aurrera, ordubetez, Paco Valderramak informazioa, analisia eta kirola bateratuko ditu. 'Egunekoa' Elixabete Legardak gidatuko du iluntzeko 7:30etatik 9etara, eta, ordu horretatik aurrera, 'La Casa de La Palabra', 'Ganbara' eta 'Fuera de Juego' entzun ahalko dituzte Radio Vitoriako entzuleek, Radio Euskadikoekin batera.

'DIDA!', XL formatuan, eta Las Tea Party, GAZTEAn

Entretenimenduari emango dio lehentasuna Gaztea irratiak, eta esfortzu berezia egin du entretenimenduari eskainitako orduak luzatzeko.

'dida', goizeko magazin arrakastatsua, gure entzuleen eskaerari kasu eginez, hiru ordukoa izatetik lau ordukoa izatera pasatuko da: goizeko 7etan hasi eta goizerdiko 11k arte izango da. Dagoeneko antenan da 'dida!' berrria, XL formatu luzean, goizak beste modu batera hasteko.

Horretarako, Joseina Etxeberria, Jon Gotzon, Ainhoa Vitoria, Edurne Garmendia eta Ibon Fernandez, eta kolaboratzaile zaharrak eta berriak, izango dira.

Bideoak (1)