Kargatzen...
Itxi

Irratiak

Informazioa, kirolak eta kultura, EiTBko irratietako udan

A.E.|EiTB

Datorren astelehenean (uztailak 4) jantziko dute udako soinekoa  Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak.

Euskadi Irratiko logoa

Uztailaren 4tik aurrera jarriko dute abian EiTBko irratiek udako programazioa. Egun horretan hasiko dira berrikuntzak Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean.

Egunez eguneko informazioa gertutik jarraitzeaz gain, kirolei, jaiei eta kultur ekitaldiei arreta berezia eskainiko diete hilabete hauetan. Haatik, aktualitateak eta musikak ere tarte zabala izango dute udarako taxututako programazioan.

Euskadi Irratian Informazioa eta entretenimendua uda osoan

Euskadi Irratian, 'Faktoria'k informazioa eta entretenimendua eskaintzen jarraituko du uda guztian, goizean goiz hasita. Eguerdian, udako klasiko bihurtuta dagoen 'Blai!' irratsaio fresko eta entretenigarria izango da entzungai.

Arratsalde partean, Tourrak eta Vueltak, aurreko uda sasoian bezala, tarte garrantzitsua izango dute. Tourrean, Joxe Mari Apaolaza buru dela, Txomin Perurenak, Mikel Astarlozak, Jon Altunak eta Aritz Gallastegik osatuko dute lan-taldea. Abuztuan, Vuelta hasi bitartean, Rioko olinpiar jokoek ere presentzia nabarmena izango dute Euskadi Irratiko emisioan.

Bestalde, 2004tik etenik gabe udaro eskaintzen den 'Bihotzeko Fonoteka' izango da entzungai astelehenetik ostiralerako bazkalosteetan. Egunero, pertsona ezagun batek bere bizitzan eragina izan duten 10 kanturen bidez bere bizitzaren ibilbidea errepasatuko du.

Radio Euskadi Udako eduki interesgarriez beteriko eskaintza

'Kultura.eus' tarteak iraupen zabalagoa izango du udan, hain oparoa den kultur eskaintzaren berriz zabala emateko.

Kirol eta jai hitzordu garrantzitsuenek ere, sanferminekin hasita, programazioan tarte zabala izango dute. Tourra, Vuelta eta estropada denboraldia arretaz jarraituko ditu Radio Euskadik.

Bestalde, Galder Perezek egunero gidatuko du 'El Quinto Muelle' arratsaldetako magazin berritzailea.

EHUren Udako Ikastaroek ere gertuko jarraipena izango dute. Iluntzeko 19:00etako albistegiaren ondoren, ordu erdiz xehetuko dira Miramar jauregian ikasgai izan direnak.

'La Casa de la Palabra' egunero izango da entzungai Roge Blascoren eskutik eta asteburuetan, uztailaren erditik aurrera, 'Hasta Aquí Hemos Llegado' saioa gidatuko du Gema Espinosak Radio Euskadirako eta Radio Vitoriarako.

Gasteizko ekitaldiei jarraipen berezia

Radio Vitoriak jarraipen berezia egingo die udako ekitaldi eta jaiei. Batetik, leiho bereziak zabalduko dira Gasteizko Jazzaldiari merezi duen jarraipena emateko. Andre Maria Zuriaren jaietako ekitaldietan, berriz, kaletik bertatik, jai gunearen muinetik, hedatuko ditu uhinak irrati arabarrak.

'El Mirador' magazina eta 'Egunekoa' musika eta informazioa tartekatzen dituen saioa ez dira faltako irratian, albistegiekin eta tokiko informazioa bilduko duten irratsaioekin batera.

Asteburuetan, Gema Espinosak gidatuko 'Hasta Aquí Hemos Llegado' saioa entzun ahal izango da.

Sanferminetan, Iruñeko jaien erdigunean

'Dida Fresh!' saioa izango dugu uztaila eta abuztuan. Hiru orduz, goizeko 08:00-11:00 tartean, umore ona eta gai interesgarriak jorratuko ditu saioak. Edurne Garmendiaren zuzendaritzapean, bi talde arituko dira: Julen Telleria, Jon Gotzon Aldaparena eta Ainhoa Vitoria uztailean, eta Ainhoa Urretabizkaia, Ibon Fernandez eta Alain Perez abuztuan. Uztailaren 6ean, gainera, San Ferminetan Iruñetik zuzenean arituko da 'Dida Fresh!'.

Arratsaldetan ere, 16:00-19:00 tartean, musika ona eta dibertsioa eskainiko dute 'Akabo!' saioan. Joseina Etxeberria, Antton Telleria, Ainhoa Etxebarria eta Irati Elizalde arituko dira bi taldetan banatuta (uztaila eta abuztua).

Ostiral iluntzetan, 21:00ak eta 23:00ak bitartean, Las Tea Partyk bi orduko saioa eskainiko dute, horietako batzuk 2016ko udako euren jiran grabatuak.

Aste bukaerari begira, 'Be Positive' saioa izango da entzungai larunbat eta igande arratsaldetan (16:00-19:00). Txurru izango da gidaria uztailean eta Oihan Vega abuztuan.

Bestalde, BBK Live jaialdiaren berri emango da, eta aurten, lehen aldiz, streaming bidez bertako taldeen jarraipena egin ahal izango dugu Gaztearen App-aren bitartez eta webgunearen bitartez. Jarraipen zuzena egingo zaie baita  ere gainontzeko udako musika jaialdiei.