Urriak 10 eta 11
Kataluniari buruzko programazio berezia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin
EITB
Astearte eta asteazken honetan Kataluniako egoera politikoaren berri emango dute Bartzelonatik zuzenean.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik Kataluniaren inguruko programazio berezia eskainiko dute astearte eta asteazken honetan, eta lantalde zabala bidali dute Bartzelonara gertatzen denaren berri bertatik bertara emateko.
Astearte goizean, 'Faktoria' eta 'Boulevard' Bartzelonatik bertatik egingo dira 08:00etatik 10:00etara. Parlament-aren atarian bertan izango dira Maite Artola eta Dani Alvarez. Haiekin batera, Kataluniako hiriburutik ariko dira Oihane Perez, Iñaki Guridi, Aritz Agirre, Iratxe Ruiz eta Iñaki Gomez kazetariak, eta albiste iturri izango diren puntu guztietan barrena ibiliko dira. Saioak, gainera, analisirako tartea ere izango du, orain arteko ibilbidea errepasatu eta Puigdemont presidentearen agerraldiak zer eman dezakeen aztertzeko. Horretarako, hainbat solaskide izango dituzte Katalunian bertan.
Arratsaldeko 17:45ean, Parlamentuko saioa hastearekin batera, bertan gertatzen denaren berri zehatza emateko asmoz, albistegi berezi bat izango da. Ainhoa Etxebestek Donostiatik eta Maite Artolak Bartzelonatik Puigdemonten diskurtsoaren berri emango dute. Lankideak parlamentuan bertan izango dira, alderdi politiko desberdinen erreakzioak biltzeko, eta kalean osatuko diren mobilizazioetan ere izango dira, herritarren erantzuna jasotzeko.
Radio Euskadiren kasuan, albistegi berezia 18:00etan hasiko da, eta gero 20:00etan 'Ganbara' saioaren edizio berezi batekin jarraituko dute. Sonia Hernandoren eta Dani Alvarezen artean osatuko dute Parlamentuko saioak ematen duenaren laburbilduma. Alderdietako ordezkarien balorazioak ere jasoko dituzte, eta batez ere kalean izango dira, herritarrekin batera lehen erreakzioak jasotzeko. Saioari bukaera emateko, 'Ganbara'ren ohiko tertulian, 22:00etan, egunak eman duena laburbiltzearekin batera solaskide desberdinen iritziak jasoko dituzte.
Asteazkenean, 'Faktoria' eta 'Boulevard', biak ere Bartzelonatik egingo dira, patxada handiagoz bezperan gertutakoa aztertzeko, eta batez ere, etorkizunari begira jartzeko.