Itxi

EiTB Irratia

EiTB Euskal Kantak irrati berria sortu da

EiTB

Leer en Castellano

Euskarazko kantagintzaren zabalkundea eta promozioa egingo du sarean EiTB Euskal Kantak irrati digitalak. Egun guztian zehar soilik euskarazko musika eskainiko du.

EiTB Euskal Kantak.

EiTB komunikazio taldeko irratiek (Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Gazteak, EiTB Musikak eta Radio Vitoriak) euskarazko kantagintzaren jarraipen informatibo zorrotz eta hurbilekoa egiten duten dagoeneko: argitalpen berriei buruzko informazio zehatza ematen dute, hutsik egin gabe, artistak elkarrizketatzen dituzte, eta, sarri askotan, kontzertu akustikoak ere eskaintzen dituzte. Esperientziak erakutsi du, ordea, hori guztia egitea inportantea dela, baina ez dela aski euskal musika ezagutzera emateko. Neurri osagarriak behar zirela, alegia, euskaraz argitaratutako kalitatezko musika-lanen zabalkunde eta promozio politika eraginkorragoak lortzeko. Eta behar hori asetzeko asmoz abiarazi dugu, internetek eskeintzen dituen aukera zabalak baliatuta, EiTB Euskal Kantak irrati digitala. eitb.eus atarian sartzearekin, gainerako irratiak dauden txoko berean, hantxe izango du eskura erabiltzeak irrati berriaren botoitxoa ere.

Urko Aristi EiTB Irratietako zuzendariak eta Iñigo Zeberio EiTB Musikako buruak aurkeztuko dute irrati digital berria gaur Duragoko Azokako EiTB Gunean.

Musika eskaintza zabala

Egun osoan zehar, euskal musika baino ez da entzungo, kalitatezkoa, eta estilo askotarikoa: Kantautoreak, musika tradizionalean oinarritutako kantak, bertsioak, instrumentalak, rock, blues, ska, reggae, pop, triki-pop, jazz … Eskaintza orekatua izango da, non kanta berrienak eta aspaldikoak nahastuko diren, arrakastatsuenak zein ezezagunenak.

EiTBko irratien fonotekan badira 30.000 euskarazko kantu gehiago, horietatik 4.000 diskotik ateratako abestiak, alegia. Egunean, bataz beste, 400 abesti entzungo dira segidan. Hasiera batean, 3.000 kanta desberdinen bilduma osatu dugu, baina denborarekin bilduma hori eguneratu, eta fonotekako uzta guztia, zerbitzu publikoa garen heinean, entzulearen dastagarri jartzea. Hori da helburua.

Bixente Martinez eta Maddalen Arzallusen kolaborazioa

Irrati esataririk ez da ariko abestiak aurkeztuz, baina ez EiTB Euskal Kantak ez da playlist arrunt bat izango. Bixente Martinez musikari ezagunak osatu ditu irrati berriaren jingleak. 'Axuri beltza' kantuan oinarrituta, estilo desberdinetan entzun ahal izango ditugu Nafarroako dantza honen partituararen zatiak: folk, country, pop eta beste hainbat estilotan. Horrekin batera, irratiaren izenarekin batera Maddalen Arzallusek idatzitako indikatiboak bertsolariaren beraren ahotsean entzungo ditugu. Ezin hobeto islatzen dute Martinez eta Arzallusek irrati berriaren izaera: tradiziotik edanda, egungora egokituta, nor garen, eta zertan ari garen.

EiTB Euskal Kantak – Basque Music

Internet bidez zabalduko den irrati bat denez, argi dugu irratiaren izenak ahalik eta erraztasun handienak eman behar dizkiola interneteko erabiltzaileari, erraz aurkitu dezan topatu nahi duen hori. Honenbestez, 'EiTB Euskal kantak – Basque Music' izenez topatu ahalko du erabiltzeak, munduko edozein txokotik, interneteko hizkuntzarik erabilienean ere, ingelesez ere, bertarainoko bidea agertuko zaiolako.

Informazio Osagarria

Behin irratia abiarazita, eta lehen urratsak ematen dituela, hobekuntzak ditu aurreikusiak EiTBk irrati berrirako. Emisioan dagoen kanta bakoitzaren gaineko informazio osagarria izango du entzuleak klick bakarrean: Kantaren eta artista edo taldearen izenarekin batera, abesti hori zein diskotakoa den, disko horren irudia, horren gaineko informazioa, kantaren hitzak, taldeko gainerako irratietan kanta horren edo egilearen inguruan landutako saioak, bideoklipak… Hori izango da euskal musikaren bilduma izateko asmoz sortu berri den irrati berriaren etorkizuneko erronka. Momentuz behintzat, euskerazko kanta guztiak sarean, EiTB Euskal Kantak irrati berriari esker, eitb.eus atarian.

Informazio gehiago (1)