Elkarrizketa Radio Euskadin
Goirizelaiak esan du agerian geratu dela 'epaiketa politikoa' dela
Erredakzioa
Bateragune auziko abokatuak adierazi du "epaiketa oraingoz normaltasunez" ari dela gauzatzen, baina Murillo epaileak Otegirekin izandako aurrekariak direla eta ezin dituztela "zalantzak" baztertu.
Jone Goirizelaia abokatuak adierazi duenez, Bateragune auziko akusatuen deklarazioek agerian utzi dute "epaiketa politikoa" dela. Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste zazpi ordezkari epaitzen dituen auziaz mintzatu da Goirizelaia Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Bere ustez, epaiketan "argi entzun da" akusatuak egiten ari zirenaren azalpena, eta "jende guztia konturatu da, aurretik salatu bezala, epaiketa politikoa dela", gaineratu du.
Fiskaltzaren aburuz, zortzi akusatuak Bateraguneko kide ziren eta ETAk agindutako hainbat helburu zituzten, besteak beste, polo soberanista baten sorrera eta hainbat ekimen abian jartzeko indarren pilaketa. Goirizelaiak ziurtatu duenez, datozen egunetan deklaratuko duten lekukoek argi utziko dute "hori ez dela horrela".
Halaber, "epaiketa normaltasunez gauzatzen" ari dela esan du ezker abertzaleko abokatuak, baina Angela Murillo epaileak Otegirekin dituen aurrekariak ikusita "zalantzak" dituztela adierazi du.
Gatzaren aldeko omenaldian parte hartzeagatik Arnaldo Otegiri egindako epaiketa baliorik gabe utzi zuen Auzitegi Gorenak joan den otsailean. Gorenaren arabera, Murillo epailea ez zen objektiboa izan.