Denboraldi berria
Euskadi Irratiak aldaketak izango ditu ordutegi nagusiko emanaldietan
EiTB
Euskadi Irratiak irailaren 7an abiatuko du denboraldi berria.
Ordutegi nagusiko komunikatzaile esanguratsuenen eta albistegi batzuen aldaketa izango da EiTB Taldeko irratietako berritasun azpimarragarriena. Aldaketa horien bidez, indartu egingo dira goizetako irratsaioak, orduantxe izaten baita entzule gehien, eta eguerdira arte luzatu. Bloke trinko bat eratuko da, non, magazinaren entretenimendua txertatuz, irrati bakoitzak leiho bat izango duen irekita, gertatzen den guztiari erantzun ahal izateko.
Euskadi Irratian, Iñaki Guridi izango da "Faktoria" saioko informazio-tartearen gidari berria. Programaren lehen zati horretan, eguneko informazioa laburbiltzen eta informazio-agenda markatuko duten gaiak zabaltzen jarraituko dute, baita protagonista nagusiak elkarrizketatzen eta solaskideen analisiarekin osatzen ere. Maite Artolak, 13:00etan, "Goizak Gaur" albistegia aurkeztuko du. Atal berriak izango ditu, azken ordukoez arduratuko da, eta eguneko gai nagusiak aztertzeko tartea ere izango du, esate baterako. Albistegiei dagokienez, "Mezularia" saioak ere editore berria izango du denboraldi berri honetan: Oihane Perezek laburbilduko ditu eguneko berriak eta Lurdes Arrizabalagak emango dio amaiera, "Egun Bete" albistegiarekin. Asteburuetan, Igotz Alkortaren esku egongo da azken ordukoen berri ematea.
Manu Etxezortuk jarraituko du "Faktoria Magazina" gidatzen irrati urte berrian, Maider Segurolaren laguntzarekin, besteak beste. Gertatzen denari poesia jartzen lagunduko digu Josu Goikoetxeak, irribarreari eusten Fede Badiolak eta sukaldean, Pili eta Igorren dema ahaztu gabe, berrikuntza ekarriko du Julen Bazek. Oraindik gauza asko debalde direla gogoraraziko dute Aritz Brantonek eta Amaia Urberuagak eta krisi ekonomikotik ateratzea posible dela esango dute Olaia Martiarena eta Jon Bernat Zubiri ekonomialariek. Oskar Estangak "kanta pertsonalizatuak" eskainiko ditu eta En Tol Sarmientoko kantari Iñigo Etxezarretak bere playlist kuttunak ekarriko dizkigu.
Arratsaldeetan, "Baipasa" saioaren txanda izango da jarraian, urtarrilean estreinatu zen informazio-magazina. Ikasturte honetan ere, Olaia Urtiagaren zuzendaritzapean, entretenimendua eta informazioa uztartzen eta nazioarteko gaurkotasunari arreta berezia eskaintzen jarraituko du. Euskal sortzaileak eta beren lanek "Arratsean" izango dute erakusleihoa, Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanoren eskutik.
Eta asteburuetan, Nagore Telleriak zuzenduko du "Amarauna", Gorka Otaegi, Arantxa Arza eta Unai Urreaga lagun hartuta.
Zientzia dibulgazioa egiten jarraituko dute Elhuyarrekin elkarlanean, Guillermo Roaren eskutik eta Interneten mugitzen denaren berri ematen puntu.eus-ekin lankidetzan, Leire Palaciosen ahotsean.
Musika maite dutenentzat, Joseina Etxeberriak jarraituko du "Kantu Kontari" gidatzen bazkalostean, eta iluntzetan, Jon Basagurenek "Zidorrean" egingo du. Asteburuetako musika eskaintzak Asier Leozen esku egoten jarraituko du "Portobello" irratsaioan.
Eta, jakina, "Hiru Erregeen Mahaia" eta "Kirol Legez" saioetako lankideek kirol berri, elkarrizketa eta ekitaldien kontakizuna ekarriko dituzte euskal uhinetara.