Itxi

Audientzia oharra

Milioi erdi lagunek jarraitzen dituzte egunero EITBko irratiak

A.E.

EITB

Oro har, EITBko hedabide ezberdinek 1.118.000 ikus-entzule dituzte CIESen urteko bigarren neurketaren arabera.

EITB

EITB taldeko irratiek igoera nabarmena izan dute iazko audientziarekin alderatuta. Guztira 495.000 entzulek egiten dute bat komunikazio taldeko irratiekin, gaur jakitera eman diren CIESen urteko bigarren neurketako emaitzen arabera. Telebista eta irratia hartuta, orotara 1.118.000 entzule eta ikus-entzulek egiten dute bat EAEn eta Nafarroan EITBrekin. Gora egin du EITBk guztira ere, 41.000 entzule eta ikus-entzule gehiago ditu iazko datuekin alderatuta.

Radio Euskadik urtea amaitzeko igoera nabarmena izan du: 213.000 entzule ditu, 2010.urtean baino 26.000 gehiago. Radio Vitoriak bere entzule kopuruari eusten dio; 31.000 lagunek jarraitzen dute, hain zuzen ere, egunero Arabako irrati erreferentea.

Euskarazko irratiek ere emaitza onak izan dituzte. Euskadi Irratiak 100.000 entzule ditu, iaz baino 3.000 gehiago, eta Gazteak 125.000. EITB Musika irrati espezializatuak, berriz, 26.000 entzule eskuratu ditu CIESen txostenaren arabera.

Telebistari dagokionez, ETB ere igo egin da 2010eko emaitzekin alderatuta. 664.000 lagunek jarraitzen dituzte EAEn eta Nafarroan, 20.000 ikus-entzule gehiago dituzte, alegia. Euskarazko kateekin, ETB-1 eta ETB-3rekin, 159.000 pertsonek egiten dute bat eta ETB-2rekin, berriz, 505.000 pertsonek.