Itxi

Elkarrizketa

Patxi Lopezek 'arduragabekeriaz' jokatzea egotzi dio Urkulluri

Radio Euskadi

Lehendakariak berretsi du legegintzaldia agortuko duela, eta ukatu egin du kargu berria Espainiako Gobernuko presidente izaten saiatzeko urratsa dela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Patxi Lopez lehendakariak gogor egin du Iñigo Urkullu EAJko presidentearen aurka, diru-bilketaren jaitsierari konponbideak bilatzeko proposamenari "alarma" pizten erantzun ziolako. Hori horrela, buruzagi jeltzaleak "arduragabekeriaz" jokatu duela kritikatu du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Lopezek iragarri du Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak agerraldia egingo duela bihar, Gobernu bileraren ostean, datu ekonomikoak emateko.

Lehendakariaren hitzetan, datu horiek erakutsi egingo dute Urkulluk ostiralean emandakoak ez direla zuzenak. Halaber, gogorarazi du Euskadi zor txikiena duen erkidegoa dela, joan den astean arrisku agentziek baieztatu zutenez, eta hornitzaileak goizen ordaintzen dituena ere bai. "Ez daukagu faktura bakar bat ere kajoian", nabarmendu du.

Patxi Lopezek larunbatean Joseba Egibar EAJko bozeramaileak Radio Euskadin egindako adierazpenak ere hartu ditu hizpide, eta Urkulluren hitzak zuzendu egin zituela esan du: "Alderdi barrutik ere zuzendu behar izan dute", esan du.

Lehendakariaren esanetan, EAJri egindako deia duela bi urtetik krisiaren ondorioei aurre egiteko mantendutako elkarrizketa eskaintzaren baitan egin zuten.

Bestalde, Lopezek esan du PSOEko Harreman Politikoen idazkari izendatu berri izanak ez duela eraginik izango lehendakari karguan. Are gehiago, legegintzaldia agortuko duela eta berriz ere lehendakari izateko aurkeztuko dela aurreratu du.

Horrenbestez, ukatu egin du kargu berria Espainiako Gobernuko presidente izaten saiatzeko urratsa dela.

Lehendakariak defendatu egin du Gernikako Estatutua, baina autogobernua, bizikidetza eta ezberdinen arteko ituna hobetzeko bada, esparru aldaketa posible dela gaineratu du.

Azkenik, Gobernuaren lehentasunak indarkeriaren amaiera errotzea, normaltasuna sustatzea eta krisiaren aurkako borroka direla zehaztu du.

Albisteak (5)

Bideoak (1)