Itxi

Audientzia oharra

475.000 entzulek egiten dute bat EITBren irratiekin

A.E.

EITB

Oro har, EiTBren hedabideek 1.117.000 ikus-entzule dituzte CIESen urteko lehen neurketaren arabera.

EITB

EAEn eta Nafarroan, 475.000 entzulek egiten dute bat egunero EiTBren irratiekin, gaur CIESek argitaratu dituen emaitzen arabera. ETBk, berriz, 677.000 ikus-entzule ditu egunero, ETB-1, ETB-2 eta ETB-3 batuta. Guztira, 1.117.000 ikuslek eta entzulek egiten dute bat EITBren hedabideekin, iazko aldi berean baino 70.000 ikusle eta entzule gehiagok, alegia.

EGMk orain aste gutxi emandako emaitzak sendotzera dator CIES. Euskal irratigintzan lider da euskal irrati publikoa: EGMrekin alderatuta, 20.000 entzule gehiago ditu EiTBren Irrati Taldeak. Hartara, 475.00 entzulek egiten dute bat egunero Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea, Radio Vitoria eta EiTB Musikarekin.

Radio Euskadi da lehen irratia: 190.000 entzule ditu egunero, eta hazten ari da. Euskadi Irratiak, berriz, 100.000 jarraitzailetik gora dauzka, eta Radio Vitoriak 2011ko neurketan zituen entzule kopuru bera du: 33.000 entzule. EiTBren orotariko irratiek, guztira, euren zuzeneko lehiakideek baino 60.000 entzule gehiago dituzte.

Gaztea eta EiTB Irratia musika-irratiek euren emaitzei eusten diete: 150.000 entzule dituzte bien artean.

Neurketaz neurketa ikusi daitekeenez, Dani Álvarezek zuzendutako 'Boulevard' da euskal irratsaiorik entzunena; aurreko neurketan baino 13.000 entzule gehiago ditu 'Boulevard'ek. Egunero, 137.000 entzulek egiten dute bat Radio Euskadiko irratsaioarekin.

ETB, gora

Telebistari dagokionez, ETB ere igo egin da, 2011ko lehen neurketako emaitzekin alderatuta: 677.000 lagunek jarraitzen dituzte EAEn eta Nafarroan. Alegia, 80.000 ikus-entzule gehiago dituzte. Euskarazko kateekin, ETB-1 eta ETB-3rekin, 168.000 lagunek egiten dute bat eta ETB-2rekin, berriz, 509.000 lagunek.