Euskadi Irratiak 30 urte
Euskadi Irratiaren 30. urtemugan, bi kontzertu eta bi sari banaketa
A.A.
Euskadi Irratia
Azaroaren 23an, 30 urte beteko dituen irratiak ekimen ugari prestatu ditu datozen asteetarako. Lehendabizikoa ostiral honetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua Kursaal Jauregian.
Azaroa ospakizun hilabetea izango da Euskadi Irratiarentzat. Hilaren 23an irratia sortu zeneko 30. urtemuga beteko da eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte, tartean, bi kontzertu eta bi sari banaketa.
Datorren ostiralean, azaroak 2, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua izango da Donostiako Kursaal Jauregian, arratsaldeko 20:00etan. Emanaldia zuzenean izango da entzungai Euskadi Irratian eta EITB Musika irratian.
Kontzertua Michal Nesterowicz-ek zuzenduko du eta orkestrarekin batera, Asier Polo biolontzelo jotzaileak hartuko du parte. Eskainiko dituzten obren artean, Gorka Erkoreka euskal konpositorearen 'Ekaitza' dugu, estreinakoz joko dena.
Azaroaren 11n Imanol Cover lehiaketako finalisten kontzertua egingo da Donostiako Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan. Euskadi Irratiak Imanol Oroituz taldearekin batera antolatutako ekimenak abeslari handia omentzea du helburu.
Bi sari banatuko dira: entzuleena, eitb.com bozkatuena izan den abestiari, eta epaimahaiarena. Finala Euskadi Irratiak eta ETBk grabatuko dute, aurrerago emititzeko.
Azkenik, azaroaren 23an, Euskadi Irratiaren 30. urteurreneko sariak banatuko dira Donostiako San Telmo Museoan, arratsaldeko 19:00etan. Entzule leialenari Gertu saria emango zaio, 30 urteotako irratsaio nabarmenenari Irratia saria eta iragarkiak betidanik jarri dituenari Fideltasun saria. Dora Salazarren grabatu bana jasoko dute.
2012, ospakizun urtea
Euskadi Irratiak 30 urte ekimenaren barruan, beste hainbat ekitaldi burutu dira aurten. Maiatzean gastronomia topaketa egin zen Andoainen, Kilometroak 2012rekin bat eginez: 'Faktoria'ko Sukaldari Dema, Igor Zalakain eta Pili Manterola protagonista dituena, zuzenean ikusteko aukera izan zuten herriko plazara hurbildu zirenek.
Ekainean, Irratilagunak egitasmoa antolatu zuten San Telmo Museoan. Euskadi Irratian askotan solaskide izan diren Ramon Etxezarreta eta Pernando Barrena aurrez aurre izan ziren, gaurkotasun handiko gaiei buruz eta irratian izandako esperientziaz hizketan.
Irailean, 30. urteurrena ospatzeko Kukuxumuxuren eskutik plazaratutako kamiseten aurkezpena egin zen San Telmo Museoan. Bertan, Euskadi Irratiaren bidelagun izan diren hainbat kirolarik hartu zuten parte: Leire Olabarria, Mikel Odriozola, Inaxio Perurena, Mikel Orbañanos, Josune Bereziartu, Rikar Otegi, Ander Vilariño, Oinatz Bengoetxea, Lucia Ybarra eta Estefania Correa.
Bestalde, Euskadi Irratiaren 30. urteurrenaren karietara, euskarazko irratigintzaren historiaren errepasoa egin da Irratigintza Euskaraz izeneko tartean. Koldo Ordozgoiti kazetariak 61 kapituluetan kontatutako euskal irratiaren historia eskura dago eitb.com-en, urteurreneko webgune berezian.
Halaber, TOP30, Euskadi Irratiaren historian gehien irratiratu diren abestien zerrenda osatu dute, eta, programazioan, urrian eta azaroan, urteurreneko gaiak ari dira jorratzen 'Faktoria' eta 'Mezularia' saioetan.