Mende laurdena
Radio Euskadiko 'Pompas de papel' saioaren 25. urteurrena
Felix Linaresek eta Enrique Martinek zuzentzen duten literatur saioak 25 urte beteko ditu larunbat honetan, azaroak 17.
Felix Linaresek eta Enrique Martinek zuzentzen duten Radio Euskadiko ‘Pompas de papel’ literatur saioak 25 urte beteko ditu larunbat honetan, azaroak 17. Asteburu honetako saioan (larunbatean, arratsaldeko hiruretan, eta igandean, gaueko hamaiketan), gaztelaniaz egindako literaturan azken urteotan izan den idazlerik nabarmenetako bat, Luis Landero, elkarrizketatuko dute.
Idazle honi Juegos de la edad tardía estreineko eleberria atera berritan, ‘Pompas de papel’ saioan elkarrizketatu zuten; hura izan zen bere ibilbidean egiten zioten lehena. Egun ere gordeta dauka Landerok saiokoek bidali zioten solasaldiaren kassetea. Orain, Absolución izeneko lan berria aurkeztera dator. Amodioa, halabeharra eta bigarren aukeren inguruan jorratutako istorioa. Horrez gain, beste bi eleberri izando dituzte mintzagai. Urteotan ‘Pompas de papel’ saioak erakutsi dituen literaturaren bi munduak isladatuko dituzte: idazlerik ezagunen eta ezezagunena, alegia. Batetik, Stephen King idazle famatuaren 22/11/63 liburua eta, bestetik, horren ezaguna ez den Hedio Etxarte idazle euskaldunak argitaratu berri duen Sinplistak, bere bigarren poema liburua. Gainera, saio berezi honetan komikiei ere tartea egingo diete, Brian Vaughan eta Fiona Staples-ren Saga izenekoari hain zuzen.
Berrikuntzen atalean, Peruko Alfredo Bryce Echenique, Patricia Esteban Erlés aragoiarra, Deon Meyer hegoafrikarra, Austin Wright estatubatuarra y Potugalgo Jorge Valadas idazleen azken lanak aztertuko dituzte. Betiko legez, El agujero negro eta Erretratoak sormenerako tarteak, literatur kritika, lehiaketa eta tertulia ere izando dra saio berezi honetan.
‘Pompas de papel’ saioaren 25. urteurrenaren ospakizunak ez dira horretan soilik geratuko. Azaroaren 27an, asteartea, Bilboko Bidebarrietako liburutegitik zuzeneko bat grabatuko dute arratsaldeko 19:00etan. Bertan saioko talde osoa egongo da eta mikroa jarri eta kentzeko jokoa egingo dute, Marx anaien ganbaran baleude bezala. Egun horretako gonbidatuetako bat Iban Zaldua izando da. Bere azken eleberria aurkeztuko du, Ese idioma raro y poderoso, euskaraz idaztearen inguruko hausnarketa. Grabazioa bukatutakoan, bertaratzen diren guztiekin tertulian arituko dira.
Bukatzeko, abenduaren 1ean, osteguna, Durangoko Azokan izango dira, arratsaldeko 15:30etatik aurrera, zuzeneko berri bat grabatzen. Bertan bilduko dira azken 25 urteotan euskaraz idatzitako literaturak eman dituen idazlerik entzutetsuenak.