Itxi

PORTUGALETEKO BANDERA

Urdaibaik denboraldi historikoa borobildu du, Portugaleten irabazita eta marka berriak ezarrita

G. P. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera irabazi ostean, gaur denboraldiko 14. garaipena eskuratu du Bermeo Urdaibaik, eta marka berria ezarri du. Bigarren izan da Orio eta hirugarren Hondarribia.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bermeo Urdaibaik bereganatu du Portugaleten jokatu den El Corte Ingles Bandera, eta denboraldi historikoa borobildu du horrela: Eusko Label Ligan jaun eta jabe izan da, Kontxako Bandera nagusitasunez irabazi zuen, eta gaur 14. garaipena lortuta, marka berria ezarri du. Halaber, talde batek denboraldi berean inoiz lortu duen puntu markarik onena egin du: 227.

Ligako azken jardunaldia emozio handikoa izan da. Lehen txandan arituta, Hondarribiak estropada oso ona egin du, eta 20 minutu baino gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko, 19 minutu eta 52 segundo, hain justu ere. Horrenbestez, Portugaleteko Bandera eskuratzeko lehian sartu da bete-betean.

Ohorezko txandan, faborito nagusiak Hondarribiaren denbora hobetzeko asmoz abiatu dira. Urdaibai berehala jarri da buruan, Orio eta Donostiarra parean joan zaizkio atzetik, eta Zierbena erori egin da lehen luzean, 13 segundo galduta.

Edonola ere, Hondarribiak baino zazpi segundo gehiago behar izan ditu Bermeoko ontziak, eta, ondorioz, borroka handia izan da bandera eskuratzeko.

Kostata eta palak etengabe indarrez astinduta, Bou Bizkaiak hirugarren luzean kendu dio lehen postua Hondarribiari (+4), eta Orio eta Donostiarrarekiko aldea handitu du.

Konfiantzaz gainezka eta Gorka Aranberriren aginduei jarraituz, Portugaleteko Banderaren eta 14. garaipenaren bila joan da Urdaibai, eta hala egin du, denboraldi historikoa borobiltzeko. Erlojua gelditu bezain pronto hasi dira traineru barruan patroi eta arraunlarien ospakizunak.

Orio izan da bigarrena, eta Hondarribiak hirugarren amaitu du, Donostiarrak ezin izan baitu haren denbora hobetu. Zierbenak, ostera, itxura txarra emanda esan dio agur denboraldiari, minutu erdi baino gehiago galdu baitu.

Horrela, Urdaibai 227 punturekin gailendu da Eusko Label Ligan, bigarren izan da Zierbena (193) eta hirugarren Donostiarra (188). Bueu eta San Pedro, berriz, mailaz jaitsi dira.

Gaurko estropadaren aurretik, Eusko Label Ligako play-offak jokatu dira, eta Aresek eta San Juanek lortu dute datorren denboraldian gorengo mailan lehiatzeko plaza.

Portugaleteko Banderaren sailkapena.

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.

Albisteak (1)

Bideoak (3)