Zarauzko Ikurrina
Urdaibaik bereganatu du Zarauzko Ikurrina; Hondarribia, nagusi bigarren jardunaldian
A. B. E. | EITB Media
Hondarribia nagusitu Zarauzko bigarren jardunaldian Urdaibai bi ehunenengatik mendean hartu ostean. Hala ere, Bermeokoek irabazi dute ikurrina, lehen jardunaldian hiru segundoko abantaila lortu baitzuten gipuzkoarrekiko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Urdaibaik bereganatu du Zarauzko Ikurrina igande honetan (abuztuak 21) Hondarribiak bigarren jardunaldia irabazi duen arren. Bermeokoek hiru segundoko abantaila lortu zuten Hondarribiarekiko lehen jardunaldian eta hondarribiarrek bi ehunenengatik hartu dituzte mendean bigarren jardunaldian.
Hondarribia iritsi da lehenengo postuan lehen ziabogara; segundo bat atera dio Donostiarrari, bi Oriori eta hiru Urdaibairi. Bigarren luzean, ordea, Donostiarra jarri da estropadaren buruan eta bigarren ziabogako maniobra egin ostean Donostiakoek hiru segundo sartu dizkiote Hondarribiari, bost Oriori eta zortzi Urdaibairi. Hirugarren luzean ere estropada buruari eutsi dio Donostiarrak, Hondarribiari segundo bat, Urdaibairi bost eta Oriori sei aterata. Amaierarako mila metro baino gutxiago falta zirenean jarri da Hondarribia buruan. Bazirudien gipuzkoarrek aise lortu behar zutela garaipena, baina atzetik Aurrera bizi etorri da Urdaibai eta parean kokatu da. Azken metroetan lehia estua eskaini dute bi taldeek eta fotofinishak erabaki du garailea; Hondarribia (20:10.62) izan da nagusi Bermeoko taldeari (20:10.64) bi ehunen aterata. Hala ere, Urdaibaik bereganatu du Zarauzko Ikurrina, lehen jardunaldian hiru segundoko abantaila lortu baitzuen Hondarribiarekiko. Donostiarra izan da hirugarren bost segundora, eta Orio laugarren 17 segundora.
Jardunaldiko ezustekoa Kaikuk eman du, bosgarren izan baita 20 minutu eta 31 segundoko markarekin lehen txanda irabazita. Bigarren txanda irabazi duen Zierbena (20:34) seigarren izan da. Ondarroak amaitu du azken-aurreko 20:52ko markarekin eta Ares (20:56) izan da azkena.
Horrela geratu da Zarauzko Ikurrinako bi jardunaldietako sailkapen orokorra: Urdaibai irabazle, Hondarribia bigarren, Donostiarra hirugarren eta Orio laugarren. Beheko postuetan, Santurtzi bederatzigarren izan da, Kaiku hamargarren, Cabo azken-aurreko eta Ares azkenengo.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko lehen postuan da Urdaibai 172 punturekin. Bigarren da Hondarribia (169 puntu) hiru puntura. Donostiarra dago hirugarren postuan, 163 punturekin. Beheko postuei erreparatuta Ondarroa bederatzigarren da 71 punturekin, Santurtzi hamargarren 67 punturekin, Lekittarra (63 puntu) azken-aurreko, eta Ares (45 puntu) da azkena.
Zarauzko Ikurrinako 2. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB Media
Zarauzko Ikurrinako sailkapen orokorra. Argazkia: EITB Media
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media