EUSKO LABEL LIGA
Zierbenak irabazi du Portugaleteko Bandera, eta sailkapeneko bigarren postua bereganatu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Galipoek eguneko denborarik onena egin dute, eta haien atzetik Hondarribia geratu da, irabazleengandik 12 segundora.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zierbenako traineruak bereganatu du Portugaleten jokatu den XLIX. Corte Ingles Bandera, Eusko Label Ligari amaiera eman dion estropada, hain zuzen ere.
Bizkaitarrak goitik behera nagusitu dira, bereak izan baitira eguneko denborarik onenak ziaboga guztietan, eta ez diete aurkariei inolako aukerarik eman banderaren lehian egoteko.
Hala, galipoek 19:22.18ko denbora ezarri dute helmugan, eta haien ostean Hondarribia iritsi da 12 segundoko atzerapenarekin (19:34.36). Eguneko hirugarren denborarik onena Urdaibai ligako txapeldunarentzat izan da, garaileengandik 15 segundora (19:37.50).
Gaurko garaipenak sari bikoitza ekarri dio Zierbenari, Eusko Label Ligako bigarren tokia ere eskuratu baitu horri esker. Izan ere, sailkapen nagusian berdinduta geratu da Hondarribiarekin 192 puntura; alabaina, bizkaitarrek gipuzkoarrek baino estropada gehiago irabazi dituzte denborladian zehar (lau Zierbenak; bi Hondarribiak), eta horrek aurretik geratzea ahalbidetu die Dani Perez galiziarrak entrenatzen dituen mutilei.
Corte Ingles Banderako sailkapen nagusia. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Horrenbestez, 2023koa denboraldi ederra izan da Zierbenakoentzat, Kontxan ere bigarren izan baitziren Bermeoren atzetik. Hala, bera izan da Urdaibairen aurkariak lehiatu diren 'beste ligako' trainerurik onena.
Txoek, bestalde, traineruen lehen mailako txapeldunaren bederatzigarren koroa eskuratu dute, 2004, 2007, 2008, 2010, 2016, 2017, 2018 eta 2022an irabazitakoen atzetik, eta behin estropada amaituta jaso dute horren garaikurra.