Itxi

Zarauzko Ikurrina. 1. jard.

Urdaibai nagusitu da Zarauzko lehen jardunaldi ikusgarrian

L. E. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bermeoko ontziak 4 segundo atera dizkio Donostiarrari, 12 Hondarribiari eta 15 Zierbenari, igandeko bigarren eta azken jardunaldiaren faltan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Urdaibai izan da azkarrena enbataren mehatxupean jokatu den Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian. Estropada ikusgarria izan da, batez ere bigarren eta hirugarren txandetan. Bou Bizkaiak 5 segundora du Donostiarra igandeko jardunaldiari begira. Gipuzkoarrek estropada oso serioa egin dute, eta azken metroetaraino eutsi diete garaipena eskuratzeko aukerrei.

Zierbena laugarren izan da ohorezko txandan. Galipoek ez dute eguna izan; izan ere, lan erdiak bete arte buruan joan diren arren, bigarren ziabogan arazo bat izan dute arraun batekin, eta horrek aldapan gora jarri die estropada. Ordura arte, 2-3 segundora izan dituzte aurkariak.

Gorka Aranberrik maisutasunez gidatu du ontzia, beste behin. Bermeokoen patroia estratega bikaina da, eta estropadaren irakurketa zuzena egin du. Hala ere, azken luzera arte itxaron behar izan dute buruan jartzeko, olatu pare batzuek emandako bultzadari etekina aterata. Olatuek erabat baldintzatu dute arraunketa, eta irudi ederrak utzi dituzte traineruek olatu gainean hegan egin dutenean.

Helmugan, Iker Zabalaren taldeak aise hobetu du Getariak bigarren txandan egindako denbora; 20 minutu eta 43 segundo egin dituzte bizkaitarrek, gipuzkoarrek baino 28 segundo gutxiago. Oriok bigarren egin du txanda horretan, hiru segundora, eta Lekittarra eta Ondarroa, berriz, oso atzean geratu dira, minutu erdi inguru galduta.

Lehen txandari dagokionez, Kaiku jaun eta jabe izan da, lau luzeetan denborarik onenak eginda. Bueu izan da bigarren, Cabo hirugarren eta San Pedro laugarren.

Dena erabakitzeke

Emaitza horien ondorioz, Zarauzko Ikurrina, ezustekorik ez bada, igandeko txanda nagusian erabakiko da. Urdaibaik Donostiarrari ateratzen dion bost segundoko aldea defendatuko du, Hondarribiak eta Zierbenak 10 segundotik gora galdu baitituzte.

Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldiko denborak

Eusko Label Ligako sailkapena



Albisteak (3)

Bideoak (3)