Itxi

Zarauzko Ikurrina

Donostiarrak irabazi du Zarauzko Ikurrina, Urdaibairi azken metroetan ateratako tarteari esker

L. E. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bizkaitarrek 5 segundoko aldea zuten lehen jardunaldian lortutako tarteari esker, baina olatu baten bultzadak eman die garaipena donostiarrei, estropada bikaina egin ostean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiarrak garaipen bikaina lortu du Zarauzko Ikurrinan, bezperan Urdaibai Eusko Label Ligako liderrak lortutako 5 segundoko aldea iraulita. Estropada ederra egin dute Arkaitz Diazen arraunlariek, Bou Bizkaiarekin izandako lehia estuari hasieratik amaierara eutsiz eta azken metroetan olatu bati etekin ederra aterata. Denboraldiko lehenengo bandera irabazi du, merezimendu osoz, Donostiarrak.

Igor Makazagak entrenatzen duen taldeak argi utzi du aurrerapauso nabarmena eman duela uztailetik, eta ahalegin horrek saria eman dio Zarautzen, arraun egutegian sona handia duen estropadan.

Urdaibai eta Donostiarra estropada buruan jarri dira hasieratik, Hondarribia eta Zierbena ontzi bateko distantziara urrunduta. Lehen ziabogan, Arkaitz Diazen ontziak eta Gorka Aranberrirenak denbora bera egin dute, 5 minutu eta 10 segundo, lehen txandan Lekittarrak egindakoa baino bi egundo hobea. Hor argi geratu da txanda nagusia eta ikurrina bien arteko lehian erabakiko zela.

Pixkanaka, Donostiarra estropadaren buruan jarri da, arraunketa sendoa eginda, eta Urdaibai 3-6 segundora zuela. Bermeoko ontziak 5 segundoko aldeko altxorra zuen lehen jardunalditik, eta horri eusten saiatu da amaierara arte.

Hondarribiak estropada txukuna egin du, eta lehian sarten saiatu da denbora guztian. Zierbenak, aldiz, egun makala izan du, eta 10 segundora geratu da bigarren luzearen hasieran, eta 22 segundo galdu ditu azkenean.

Aurrera egin ahala, ikurrina Donostiarraren kolorea hartzen joan da, baina Bou Bizkaiak ez du inoiz amore ematen eta aldea 2-3 segundora murriztu du azken luzean. Ikurrina Bizkaia aldea joango zela zirudienean, Donostiarrak olatu bikaina hartu du azken metroetan eta 7 segundoko aldea sartu die hasperen baten Iker Zabalak entrenatzen dituen arraunlariei. Denboraldiko lehenengo garaipena izan da gipuzkoarrentzat.

Aurreko txandetan, Oriok irabazi du bigarren txanda, Getariari, Ondarroari eta Kaikuri alde zabala aterata. Lehenengoan, berriz, Lekittarra nagusitu da.

Eusko Label Ligako sailkapena

Eusko Label Ligako sailkapenari dagokionez, Urdaibaik sendo jarraitzen du lider, 184 puntu eta 12 garaipen dituela. Zierbena bigarren da (160 puntu eta bi garaipen), Donostiarra hirugarren (151 puntu eta garaipen bat) eta Hondarribia laugarren (144 puntu eta garaipen bat).

Zarauzko Ikurrinako sailkapen nagusia, bi jardunaldiak jokatu ondoren

Eusko Label Ligako sailkapena

Bideoak (3)