Itxi

PLAY-OFFETAKO 1. JARDUNALDIA

Ares, nagusi play-offeko lehen jardunaldian; San Juan, bigarren

A. A. | EITB MEDIA

Eusko Label Ligako play-offeko 1. jardunaldia jokatu da larunbat honetan Bermeon, eta Ares izan da onena. Galiziarren atzetik San Juan sailkatu da, garaileengandik segundo bakarrera.

Areseko ontzia BErmeoko estropadan. Argazkia: EITB

Galiziako Aresek eta Gipuzkoako San Juanek ia erabakita utzi dute Eusko Label Ligako igoera, Santurtzi, San Pedro eta Chapela baino askoz gehiago izan baitira, igoera eta jaitsierak zehazteko play-offeko lehen jardunaldian.

Sekulako txikizioa eragin dute Bermeoko itsaso kizkurrean Coruñakoek zein pasaitarrek, eta alde izugarria atera diete aurkariei: ia minutu bat Santurtzi eta San Pedrori eta minutu eta erdi baino gehiago Chapelari.

Horrenbestez, KAE-1eko eta Galiziako txapelketako irabazleek erabateko txakalaldia izan beharko lukete bihar Portugaleteko uretan jokatu behar den bigarren jardunaldian San Pedrok mailari eustea edota Santurtzik gora egitea ahalbidetzeko, besteak beste.

Play-offari begira izandako ondorioez gain, Ares eta San Juanen azken luzea bereziki zirraragarria izan da, Pasaiakoak Galiziakoek estropadan zehar izan duten abantaila iraultzeko zorian egon baitira; izan ere, 12 segundoko tartea zuten alde hirugarren ziabogan Coruñakoek, eta segundo bakarreko aldearekin amaitu dute.

Azken sailkapena puntuen batuketak erabakiko du, eta berdinketa izanez gero, traineru berdinduen arteko denboren batuketak. Hala, Aresek eta San Juanek 5 eta 4 puntuko zakuarekin ekingo diote bigarren jardunaldiari. Haien atzetik daude Santurtzi (3), San Pedro (2) eta Chapela (1).

Play-offeko 1. jardunaldiko sailkapena:

Eusko Label Ligako play-offetako 1. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB

INFORMAZIOA OSATZEKO LANEAN ARI GARA

Bideoak (4)