Eusko Label Liga
Urdaibai, 2023ko Eusko Label Ligako txapelduna Bermeoko Ikurrina irabazita
I. G. | EITB Media
Traineru bizkaitarrak Bermeoko Ikurrina irabazi du, bere etxean, eta Hondarribiari nahikoa alde atera dio txapeldun izateko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Urdaibai Eusko Label Ligako txapeldun izendatu da larunbat honetan Bermeon, bere etxean, Bermeoko Ikurrina irabazita, 2016tik lortzen ez zuen ikurrina. Traineru bizkaitarra bere txandan gailendu da azken bi luzeetan, eta Hondarribiari nahikoa alde atera dio txapeldun izateko.
Jardunaldi honetan bi txanda baino ez dira izan, Eusko Label Ligako play-offeko lehen jardunaldia ere jokatu baita, Santurtzi, San Pedro, Bueu, Lapurdi eta Aresek parte hartu dutena.
Lehen txandan Getaria (1. kalea), Orio (2. kalea), Lekittarra (3. kalea) eta Cabo (4. kalea) atera dira. Oriok azkar hartu du aurrea estropadaren buru izateko, Getariak atzetik zuelarik eta Cabo eta Lekittarra aurreko biei erritmoa jarraitu ezinik.
Hirugarren luzerako Oriok 8 segundoko aldea zuen bigarrenarekiko eta, gero eta abantaila handiagoarekin, inor ez da gai izan bere txanda lehiatzeko. 19 minutu eta 44 segundoko denborarekin nagusitu da, ondoren Getaria 13 segundora (19:57), hirugarren Cabo 19 segundora (20:03) eta Lekitarra laugarren 38 segundora (20:23).
Ohorezko txandan Donostiarra (1. kalea), Zierbena (2. kalea), Urdaibai (3. kalea) eta Hondarribia (4. kalea) atera dira. Urdaibai Eusko Label Ligako txapeldun izan zitekeen larunbat honetan bertan, eta, beraz, asko zuen jokoan estropadan.
Urdaibai eta Donostiarra batera iritsi dira lehen ziabogara, Zierbena 3 segundora eta Hondarribia 7ra. Emaitza horrek matematikoki ematen zion txapelketa Bermeoko traineruari.
Baina hirugarren luzetik aurrera Urdaibai nagusitu da eta garaipena dastatzen zuen bitartean aurkariengandik ihes egin du. Azkenean, lehenengo iritsi da helmugara 19 minutu eta 31 segundoko denborarekin, Donostiarraren aurretik (19:36), 5 segundora, hirugarren Zierbena 6 segundora (19:37) eta laugarren, oso atzetik, Hondarribia 18 segundora (19:50).
Emaitza honekin, Urdaibai Bermeoko Ikurrinaren txapeldun izendatu da eta bere bederatzigarren Eusko Label Liga irabazi du.
Bermeoko Ikurrinako sailkapena. Argazkia: EITB Media