Itxi

Oharra

Orio Arraun Elkartea "minduta", klubaren inguruko zurrumurruengatik

Leer en Castellano

Herrian, prentsan eta arraun munduan Oriori buruzko esamesek klubari min egin diotela adierazi du zuzendaritza-batzordeak, ohar baten bidez.

Orioko zaleak gizonezkoen taldea txalotzen Kontxako arrapalan. Argazkia: EFE

Orio Arraun Elkarteko zuzendaritza-batzordea "minduta" dago azken boladan jazo diren klubaren inguruko zurrumurruengatik. Horixe adierazi du Elkarteak astearte honetan, urriaren 15ean, ohar baten bidez.

Denboraldia amaituta aldaketak izan dira Orio Arraun Elkartean, batez ere, gizonezkoen lehen taldean. Mikel Arostegik ez du jarraituko Orioko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile izaten eta Iker Zabalak ordezkatuko du karguan. Zabala Urdaibain ibili da azken urteetan. Arostegik EITB Mediari emandako elkarrizketa batean esan egin zuen minduta dagoela klubarekin, egindako lanaren ostean ez diotela beste aukera bat eman. Adierazpen horiek, esaterako, ez zituzten espero klubean, eta zuzendaritza-batzordeari min egin zioten.

Horrez gain, herria aztoratuta dago. Orioren inguruko esamesak ugariak izan direla adierazi du klubak oharrean, honako hau jakinarazita: "Nork esan du ez dugula aulki mugikorrik egingo? Ez dugula B ontzia aterako? Inork ba al daki bazkide eta arraunlariek zer nahi duten? Gure proiektuaren oinarri nagusia harrobia da (mutil, zein neska) eta aulki mugikorra eta B ontzia gure bide-orriaren parte dira".

"Zurrumurru berriak sortu eta zomorroak atera" direla ere aipatzen du oharrak. Gainera, zuzendaritzak erabakiak hartzeko garaian aurrerapausoa ematea erabaki duela azaldu dute oharrean: "Erabakiak hartzeko garaian pauso bat ematea erabaki dugu. Pauso bat aurrera egitea: harrobiko lana egin, etxekoak landu eta irabaztera iritsi nahi dugu. Erabakiak ez dira errazak izaten eta guk erabaki bat hartu dugu. Ondo edo gaizki, gustuko edo ez, baina aukera baten alde egin dugu. Ondo aterako da, ala ez".

Amaitzeko, komunikatuak dio inor ez dela klubarekin harremanetan jarri zuzendaritza-batzordearen bertsioa ezagutzeko, zurrumurruek mina eragiten dutela Arraun Eskolan eta zuzendaritzak kluba defendatzen jarraituko duela.

Albisteak (1)

Bideoak (1)