EDINOR BANDERA
Arraun Lagunakek ez du hutsik egin, eta Edinor Bandera eskuratu du Zierbenan
EITB MEDIA
Andrea Astudillo patroiaren etxean, Zierbenan, gailendu da Arraun Lagunak, eta Euskotren Ligako lidertzari sendo eusten dio, aurkariak baino maila bat gorago dagoela berretsita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arraun Lagunak jaun eta jabe da Euskotren Ligan. Lau jardunaldi jokatu dira eta lau garaipen lortu ditu. Larunbatean Donostiako badian gailendu zen, eta gaur Zierbenan irabazi du, Andrea Astudillo patroiaren etxean, Edinor Banderaren IV. edizioan.
Aurkariei inolako aukerarik eman gabe, Arraun Lagunakek indartsu abiatu du lehia ohorezko txandan, eta bi traineruko errenta atera dio Donostiarrari lehen luzean. Espero bezala, "motorra" ez dute amaierara arte gelditu, eta Ligako laugarren garaipena lortu dute, erlojua 10 minutu eta 41 segundoan geldituta.
Bigarren posturako, berriz, borroka handia izan da. Donostiarra izan da lehen luzean Arraun Lagunaken atzetik, baina Oriok eta Tolosaldeak ere ziaboga ona egin dute, eta hirurak elkarren gainean izan dira. Azken luzean, baina, Tolosaldeak atzetik aurrera egin du, eta bigarren tokian amaitu du proba (+7); Orio izan da hirugarrena (+8), eta Donostiarra, berriz, laugarrena (+9).
Bestalde, lehenengo txandan, Hondarribia, Hibaika, Cabo eta Tiran aritu dira. Hondarribiak hamar segundotik gorako abantaila lortu du lehen ziabogan, eta gainerako traineruak nahiko parekatuta ibili dira. Azkenean, Ama Guadalupekoak 11 minutu eta lau segundoan amaitu du lana, Hibaika (+13), Cabo (+17) eta Tiranen (+23) aurretik.
Gauzak horrela, Arraun Lagunakek segitzen du Euskotren Ligako sailkapen nagusiaren gorenean, 32 punturekin, eta Tiran dago jaitsiera postuan, 5 punturekin.
Edinor Banderako sailkapena.
Euskotren Ligako sailkapen nagusia.