Itxi

Euskotren Liga

Arraun Lagunak Euskotren Liga irabaztetik pauso bakarrera da, Zarauzko Ikurrinako 1. jardunaldian nagusituta

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Erakustaldia eman du Arraun Lagunakek Zarauzko uretan, eta lehen jardunaldiko estropada irabazi du. Orio bigarren izan da 6 segundora eta Donostiarra 7ra. Sailkapen nagusian, aldiz, Arraun Lagunakek 7 puntu ateraten dizkio Oriori.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arraun Lagunakek irabazi du Euskotren Ligako Zarauzko Ikurrinako lehenengo jardunaldia, larunbat honetan, abuztuaren 19an, eta pauso bakarrera du ligako titulua. Gainera, Zarauzko Ikurrina ere bideratuta utzi du.

Lehen txandan lehiatu dira Hibaika (1. kaletik), Hondarribia (2. kaletik), Cabo (3. kaletik) eta Tiran (4. kaletik). Hasieran Hibaika jarri da buruan, baina ziabogan Cabo izan da onena Hondarribiari segundo bateko aldea aterata eta 2 segundokoa Hibaikari. Azken luzean Hondarribiak erritmoa bizitu du, eta txanda irabazi du 11:40.42ko markarekin. Azkenean, Hibaika izan da bigarren 10 segundora eta Cabo hirugarren Hibaikarekiko 20 ehunenekora. Tiran izan da txandako azkena Hondarribiarekiko 45 segundora.

Bigarren txandan egin dute arraun honako traineru hauexek: Donostiarra (1. kaletik), Orio (2. kaletik), Tolosaldea (3. kaletik) eta Arraun Lagunak (4. kaletik). Orio hasi da agintzen; gainera, lehena izan da ziabogan, Arraun Lagunaki segundo bat eta Donostiarrari 4 aterata.

Hala, bada, itzulerako luzean erabaki da lehen jardunaldia. Bizitu egin du arraunketa Arraun Lagunakek azken luzean, aurkariak atzean uzten hasi da, eta Zarauzko Ikurrina irabazi du 11:07.22ko markarekin. Orio izan da bigarren 6 segundora eta Donostiarra hirugarren 7ra. Laugarren postua Tolosaldearentzat izan da, irabazlearekiko 32 segundora. Tolosakoek segundo bakarra atera diote bosgarren izan den Hondarribiari.

Estropadako seigarren postua Hibaikarentzat izan da, zazpigarrena Caborentzat eta zortzigarrena Tiranentzat.

Ondorioz, Arraun Lagunak da Euskotren Ligako sailkapenaren buruan 88 punturekin, eta 7 ateratzen dizkio Oriori (81 puntu). Sailkapenaren behealdeari dagokionez, ordea, Hibaika seigarren da 36 punturekin, Cabo (25 puntu) zazpigarren eta Tiran (15 puntu) zortzigarren.

Zarauzko Ikurrinako 1. jardunaldiko sailkapena:

Zarauzko Ikurrinako 1. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB Media

Euskotren Ligako sailkapen nagusia:

Euskotren Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media

Albisteak (2)

Bideoak (3)