Orio Kanpina Bandera
Oriok, denboraldiko lehen bandera ez ezik, Ligako lidertza ere eskuratu du etxean
L.U. | EITB
Egun borobila izan da gaurkoa Orioko traineruarentzat. Sari bikoitza eskuratu baitu, Orio Kanpina XIII. bandera eta Euskotren Ligako lidertza. Izan ere, iraultza eman da sailkapen nagusian, ohorezko txandatik kanpo geratu baita Arraun Lagunak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Orio ate joka zebilen azkenaldian, eta gaur izan da eguna. Etxeko traineruak Orio Kanpina XIII. Bandera irabazi baitu nagusitasunez igande honetan, eta Euskotren Ligako lidertza eskuratu du, sailkapen nagusian iraultza emanda. Arraun Lagunak, berriz, ohorezko txandatik kanpo geratu da.
Lehen txandan Hondarribia (1. kaletik), Zumaia (2. kaletik), Donostiarra (3. kaletik) eta Astillero (4. kaletik) lehiatu dira. Estreinako luzean Zumaia eta Hondarribia jarri dira estropadaren buruan, baina ziabogan sei segundoko aldea atera dizkio Hondarribiak Zumaiari. Bigarren luzean, bestalde, bi traineruen arteko diferentzia hori egonkortu egin da, baina azken metroetan Hondarribiak aurkariekiko errenta handitu du, eta txandako garaipenak ez dio ihes egin.
12:02.68ko marka egin dute hondarribitarrek. Zumaia izan da lehen txandako bigarrena 10 segundora, Donostiarra hirugarren 25era, eta Astillero laugarrena 36ra.
Ohorezko txandan, Hibaika, Orio, Tolosaldea eta Arraun Lagunak aritu dira. Lehen luzean, Orio eta Tolosaldea aurretik joan dira, oso berdindutak. Lehen ziabogan, Orio jarri da buruan, 6 minutu eta 15 segundoko denborarekin, eta segundo bakarreko aldea atera dio Tolosaldeari. Hala ere, etxeko traineruak ezin hobeto ekin dio bigarren luzeari, eta estropadaren buruan jarri eta bere nagusitasuna erakutsi du.
Azkenean, Oriok 11 minutu eta 41 segundo behar izan ditu lana amaitzeko, Tolosaldea (+09.34), Hibaika (+27,08) eta Arraun Lagunak (+28,33) traineruen aurretik. Hartara, iraultza eman da sailkapen nagusian, ohorezko txandatik kanpo geratu baita Arraun Lagunak. Halaber, lehen txandako traineru azkarrenak, Hondarribiak, hirugarren postua kendu dio Donostiako traineruari.
Orio Kanpina Bandera sailkapena
Hortaz, Orio da sailkapen nagusiko liderra 43 punturekin. Arraun Lagunak bigarren 42 punturekin eta Tolosaldea hirugarren 37rekin.
Euskotren Ligako sailkapen nagusia