Orio Kanpina Bandera
Oriok ez du barkatu etxean, haizeak baldintzatutako estropada ikusgarrian
G. P. A. | EITB Media
San Nikolas ontzia izan da, beste behin, onena, eta Orio Kanpina Bandera bereganatuta, lidertza sendotu du. Lekittarra izan da bigarrena; eta Donostiarra, berriz, hirugarrena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Egun perfektua izan da Orio Arraun Elkartearentzat: emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan gailendu dira etxean, Orio Kanpina Banderak bereganatuta, eta biak ala biak lider dira, nor bere ligan.
Itsaso nahasia izan da, eta haizeak erabat baldintzatu du gaur Orioko uretan lehiatu den estropada ikusgarria. Horren erakusgarri dira traineruen arteko denbora-tarteak eta sailkapenean izan diren gorabeherak guztiak.
Gorka Aranberrik zuzendutako ontzia bukaeran aise gailendu bada ere, aurrez Lekittarrak egin duen denbora bota behar izan du behera; izan ere, lehen txandan aritu arren, bizkaitarrek ezarri dute markarik onena: 21 minutu eta 43 segundo. Bigarren txandan, berriz, Donostiarra izan da azkarrena (21 minutu eta 50 segundo).
San Nikolas trainerua indarrean abiatu da, eta Hondarribia lehen luzean bi segundora izan arren, lehen ziabogaren ostean, olatu ona hartu du, eta aurkariekiko aldea handitzen hasi da.
Bigarren luzean, Oriok lau segundoan hobetu du Lekittarraren denbora, eta Hondarribia, Zierbena eta Getariarekiko zuloa nabarmen areagotu du. Gidoia errepikatu egin da hirugarren luzean, eta ordurako garaipena ziurtatuta izan du.
Iker Zabala entrenatzailearen mutilek 21 minutu eta 20 segundo behar izan dituzte lanak amaitzeko eta Orio Kanpina Bandera eskuratzeko. Ohorezko txandan, Hondarribia (+27), Zierbena (+30) eta Getaria (+53) sartu dira, hurrenez hurren, Orioren atzetik.
Edonola ere, gaurko estropadan Lekittarra eta Donostiarra izan dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren, lehen eta bigarren txandan lehiatu badira ere, denbora hobea egin dutelako.
Horiek horrela, Oriok Eusko Label ligako buruan sendo jarraitzen du, Zierbenarekiko duen aldea handituta. Kaikuk eta Cabok, berriz, sailkapenaren zuloan segitzen dute.
Orio Kanpina Banderaren sailkapena.
Eusko Label Ligako sailkapena, seigarren jardunaldia jokatu eta gero.