Itxi

LIGAKO 10. JARDUNALDIA

Zierbena eta Arraun Lagunak ozta-ozta nagusitu dira Lekeitioko estropada zirraragarrian

G. P. A. | EITB Media

Leer en Castellano

Bigarren txandan aritu den Zierbena segundo bateko aldearekin gailendu zaio Oriori, eta Donostia Arraun Lagunakek, berriz, 66 ehunenengatik irabazi du Euskotren Bandera. Bi estropadetan fotofinsh-a erabili behar izan dute, garailea nor izan den jakiteko.

Donostia Arraun Lagunak eta Zierbena gailendu dira Lekeition. EFE

Zierbena eta Donostia Arraun Lagunak nagusitu dira gaur Lekeitioko uretan jokatu den Eusko Label eta Euskotren ligetako 10. jardunaldian. Bi estropadetan emozio handiko bukaerak izan dira: epaileek fotofinish-a erabili behar izan dute irabazlea nor izan den baieztatzeko.

Gainera, proba bietan banderak irabazteko lehia ohorezko txandako eta bigarren txandako traineru onenen artean izan da. Azkenean, gizonezkoetan, Zierbena segundo bakarragatik gailendu zaio Gorka Aranberriren kuadrillari; eta emakumezkoetan, berriz, Arraun Lagunakek 66 ehunenengatik irabazi dio Oriori Euskotren Bandera. 

Gizonezkoen ohorezko txandan, Urdaibai oso ondo abiatu da, eta buruan joan da lehen ziabogara arte. Bigarren luzean, baina, Oriok olatu ona hartu du, eta aukera hori baliatu du bermeotarrei aurrea hartzeko. 

Pixkanaka-pixkanaka, San Nikolas ontziko arraunlariek beren ohiko nagusitasuna erakutsi dute, eta laster utzi dituzte atzean Donostiarra, Urdabai eta San Juan. Edonola ere, gaur, El Correo Bandera eskuratzeko lehia bigarren txandan aritu den Zierbenarekin izan du. 

Galipoek saio ederra egin dute, eta 20 minutu eta 5 segundoan gelditu dute kronometroa. Bueltako luzean, Oriok erlojuaren kontrako saioa egin behar izan du, eta une batez aurretik izan da, baina azken txanpan denborak berriro parekatu dira, eta epaileek fotofinish-aren laguntza behar izan dute irabazlea nor izan den jakiteko.

Helmugan, Oriok garaipena ospatu du, eta horrek etsipena eragin du Zierbenako ontzian, baina antolakuntzatik berehala argitu dute nork irabazi duen, eta orduan zoramena piztu da bizkaitarren artean. Denboraldiko bigarren garaipena da Zierbenarentzat.

Lekeitioko estropadan agerian geratu da Oriok liga bideratuta daukala, baina banderak eskuratzeko lehia irekita dagoela.   

Lekeitioko Banderaren sailkapena.

Eusko Label Ligako sailkapena.

Arraun Lagunak 66 ehunenengatik gailendu da

Emakumeen estropada ere zirraragarria izan da. Atzo Hondarribian egindako saio kaxkarraren ondorioz, Orio lehen txandan aritu da Lekeitioko uretan, baina gaurkoan San Nikolas ontziak ez du hutsik egin eta aurreikuspenak bete ditu, multzo horretan denborarik onena eginda: 10 minutu eta 53 segundo. Atzerago sartu dira, hurrenez hurren, Donostiarra, Hondarribia eta Hibaika.

Horrenbestez, Donostia Arraun Lagunakek Patxi Francesek entrenatutako neskek egindako denbora bota behar izan du behera, Lekeitioko Bandera eskuratzeko.

Ohi bezala, Lugañene trainerua indarrean atera da, aurkariak ahalik eta azkarren atzean uzteko eta, ondoren, abantaila kudeatzeko asmoarekin. Horrela egin du ohorezko txandan aritu diren ontziei dagokienez (Tolosa, Zumaia eta Astillero), baina gaurkoan horrekin ez zen nahikoa, eta multzo horretan erraz nagusitu arren, asko kostatu zaio Orioren denbora hobetzea.

Bueltako luzean lortu du Maider Etxanizek zuzendutako kuadrillari hiru segundoko aldea ateratzea, eta bide horretan polemika piztear egon da; izan ere, duela zortzi egun Castron gertatu bezala, Arraun Lagunaken ontzia Tolosaldearen kalean sartu da, eta epaileak ohartarazi egin dio, bandera zuria erakutsita.  

Edonola ere, Joana Halsouet patroiak ondo kudeatu du egoera eta ez da besterik gertatu. Azken txanpan, berriro parekatu dira Euskotren Ligako lehen bi sailkatuen arteko denborak, eta bukaeran nahasmena izan da, garailea nor izan den argi ez zegoelako.

Akabera bideoan berrikusita, epaileek iragarri dute Lekeitioko Bandera Arraun Lagunakentzat izan dela, Oriori 66 ehuneneko aldearekin irabazita.

Horrenbesetez, eta ozta-ozta izan bada ere, Arraun Lagunak gailendu da Lekeitioko estropadan; Orio izan da bigarrena, atzoko arantza kenduta; eta Tolosaldea, berriz, hirugarrena.

Zumaiak eta Donostiarrak ere lan bikaina egin dute, laugarren eta bosgarren tokian bukatu baitute. Astillerok, berriz, saio txarra egin du, eta azkena izan da, ohorezko txandan aritu bada ere.

Lekeitioko Banderaren sailkapena.

Euskotren Ligako sailkapena.

 

Bideoak (4)