Itxi

Barbanza Arousa Bandera

Arraun Lagunakek eta Oriok denboraldiko zortzigarren bandera irabazi dute Pobra do Caramiñalen

I. G. | EITB

Leer en Castellano

Bi traineruak garaile argiak izan dira Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako 9. jardunaldian, Galiziako uretan.

Arraun Lagunak eta Orio. Argazkiak: EITB

Arraun Lagunak, emakumezkoetan, eta Orio, gizonezkoetan, nagusitu dira larunbat honetan Pobra do Caramiñal (Galizia) udalerriko uretan lehiatu den Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako Barbanza Arousa Banderan.

Ohi legez, emakumezkoak izan dira lehiatzen lehenak. Ohorezko txandan izan da lehiarik estuena, bereziki Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea oso parekaturik irten baitira lehen ziabogatik, Zumaia apur bat atzean utzita. Hala ere, bigarren ziabogara iritsi direnean, Donostiako traineruak hartu du aginte makila, azken luzean nagusitu da eta denborarik onena eginez irabazi du, 10:41eko denbora eginda. Horrela, Arraun Lagunakek iazko garaipena errepikatu du. Tolosaldea izan da bigarren, 5 segundora; Orio izan da hirugarren, 6ra, eta Zumaia laugarren, 11ra.

Horien aurretik uretaratu dira Hibaika, Donostiarra, Hondarribia eta Astillero. Txanda horretan, Donostiarrak estropadaz estropada hobetzen ari dela erakutsi du, lehen ziabogan lortutako abantaila txikiari eutsiz eta gainditu beharrezko marka ezarrita: 10:53. Hibaika izan da bigarren, 5 segundora, eta Astillero eta Hondarribia ia batera sartu dira, 10 segundora.

Euskotren Ligako banderako sailkapena.

Euskotren Ligako sailkapen nagusia.

Eusko Label Ligan ere, ohorezko txandatik atera da garailea. Orio izan da berriz ere erakustaldia emanda gailendu dena, Zierbena hurbil zuela. Bitartean, Donostiarra eta Hondarribia oso atzean geratu dira, estropada lehiatzeko inolako aukerarik gabe. Horrela, Orio izan da azkarrena, 19:36ko denbora eginda. Zierbena 4 segundora iritsi da, Donostiarra 20ra eta Hondarribia 22ra. Azken horrek Urdaibairen denbora bera egin du.

Bigarren txandan, Urdaibai jaun eta jabe izan da hasieratik. Ez die inongo aukerarik eman aurkariei, eta 19:58ko denbora eginda bukatu du bere lana. Horren atzetik oso urrun heldu dira Getaria, 12 segundora, eta San Juan, 21era. Lekittarrak, bestalde, ez du lortu Ondarroak lehen txandan ezarritako denbora murriztea.

Hasierako erreferentzia Ondarroak jarri du, 20:21eko denbora eginda.

Eusko Label Ligako estropadako sailkapena.

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.

Bideoak (4)