Kontxako Bandera
Arraun Lagunakek eta Oriok irabazi dute 2025eko Kontxako Bandera
EITB
Igande honetan jokatu duten bigarren jardunaldian, gizonezkoen estropadan, Orio izan da nagusi, Zierbenaren aurretik, eta garaipena eskuratu du; emakumezkoen estropadan, Arraun Lagunakek lehen jardunaldian erakutsitako nagusitasuna berretsi du.
Orio eta Arraun Lagunak, 2025eko Kontxako Banderako irabazleak. Argazkia: EITB.
Arraun Lagunakek eta Oriok irabazi dute 2025eko Kontxako Bandera, igandean, Donostian. Bigarren jardunaldian, gizonezkoen estropadan, Orio lehen jardunaldian 10 ehuneneko abantaila lortu zuen Zierbenari gailendu zaio, eta garaipena eskuratu du; emakumezkoen estropadan, Arraun Lagunakek lehen jardunaldian erakutsitako nagusitasuna berretsi du.
Orio bizi-bizi atera da hasieratik
Gizonezkoen estropadan, egoera ez zegoen batere argi, Orioren eta Zierbenaren artean oso alde txikia zegoelako eta Urdaibai ere lehiatzeko moduan zelako. Aurten Eusko Label Liga irabazteaz gain, Iker Zabalaren gizonek 33. aldiz irabazi dute Kontxako Bandera. Orio bizi-bizi irten da ohorezko txandan, kanpoalderako bidean dena erabakita uzteko asmoz; ziabogaren ostean 8 segundora zuen Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra atzerago zebiltzala. Txandako bigarren zatian, Oriok aldea handitu du, eta, hala, 2017tik aurrenekoz irabazi du Kontxako Bandera. Zierbenak Oriok baino 12 segundo gehiago behar izan ditu estropada amaitzeko, Urdaibaik 25 gehiago, eta Donostiarrak 33 gehiago. Ohorezko txandako lau ontziak izan dira azken sailkapeneko lehenengo lau postuetan.
Kontsolazio txandari dagokionez, Getariako Esperantza nagusitu da, eta Lekittarra hamabi segundora helmugaratu da. Jon Larrañagaren taldeak 20:11.85eko denbora egin du, eta lehenengo postua poltsikoratu du; txandako onenak izan dira, hiru aurkariak atzean utzita. San Juan izan da hirugarren, eta Hondarribiko Ama Guadalupekoa, aurreneko jardunaldian seigarren tokia lortu ostean, laugarren sailkatu da lehenengo txandan. Getariak bosgarren postua eskuratu du Kontxako Banderan, eta Hondarribia seigarren sailkatu da; San Juan izan da zazpigarren, eta Lekittarra, berriz, zortzigarren.
Honela amaitu da bigarren jardunaldia, gizonezkoetan. Argazkia: EITB.
2025eko Kontxako Banderako azken sailkapena, gizonezkoetan. Argazkia: EITB.
Arraun Lagunakek ez du aukerarik eman
Aurretik, emakumezkoetan, Arraun Lagunak laugarrenez gailendu da Kontxako Banderan, hirugarrenez jarraian, eta bikain egin du gainera; izan ere, hasieratik izan du kontrolpean ohorezko txanda. Juan Mari Etxaberen neskek ez diete aurkariei inolako aukerarik eman. Lehen jardunaldian, 10 segundoko aldea atera zioten bigarren postuan helmugaratu zen Tolosaldeari, eta bigarren jardunaldian nagusitasun hori beste behin erakutsi du Lugañenek. 11:01.83ko denbora eginda, 7 segundo gehiago sartu dizkiote Tolosaldeari; Orio 14 segundora helmugaratu da, eta Zumaia 31ra. Azken sailkapenean, zumaiarrak bosgarren sailkatu dira.
Kontsolazio txandan, Donostiarrak eskuratu du garaipena, estropada ederra eginda, eta laugarren sailkatu da Kontxako Banderan. 11:19.35eko denbora eginda, Ibon Urbietaren taldeak 9 segundo atera dizkio Astillerori, eta 12 ia-ia parean helmugaratu diren Hibaikari eta Hondarribiari. Kantabriako ontziari, baina, 3 segundoko zigorra ezarri diote, eta, ondorioz, txandako azken postuan sailkatu da. Azken sailkapenean, Astillero seigarren izan da, Hibaika zazpigarren eta Hondarribia zortzigarren.
2. jardunaldiko sailkapena, emakumezkoetan. Argazkia: EITB.
2025eko Kontxako Banderako sailkapen nagusia, emakumezkoetan. Argazkia: EITB.