EUSKOTREN LIGAKO PLAY-OFFA
Donostiarrak eman du lehen kolpea Bermeon, eta San Juan izan da bigarren
L. U. | EITB
"Bantxa" ontziak egin du denborarik onena gaur arratsaldean Bermeoko uretan jokatu den Euskotren Ligara igotzeko play-offeko lehen jardunaldian, San Juanek baino ia bi segundo gutxiago.
Donostiarra ontzia. Argazkia: Aitor Arrizabalaga / ACT
Euskotren Ligako play-offeko lehen jardunaldian, Bermeoko uretan jokatu den erlojupekoan, Donostiarrak egin du denborarik onena, eta San Juan izan da bigarren.
Donostiarra eta San Juan artean segundo bat eta 90 ehuneneko aldea egon da: Donostiako traineruak 11 minutu eta 45 segundoan amaitu du ibilbidea; Pasai Donibanekoak, berriz, 11 minutu, 46 segundo eta 90 ehunenean.
Bantxa ontzia hasieratik joan da aurretik, eta faborito nagusitzat jotzen zuten pronostikoak berretsi ditu. Hirugarren Zarautz izan da, 4 segundora. Hiru euskal ontziak aurretik joan dira; bi galiziarrek, berriz, denbora asko galdu dute. Chapelak 23 segundo gehiago behar izan ditu lana bukatzeko, eta Tiranek, berriz, 44 segundo gehiago.
Horrela, Donostiarrak 5 puntu bereganatu ditu, San Juanek 4, Zarautzek 3, Chapelak 2 eta Tiranek bat.
Play-offeko jardunaldi erabakigarria igandean izango da, Portugaleten, eta gaurko emaitza kontuan hartuta, Donostiarra eta San Juan izango dira faborito nagusiak datorren denboraldian Euskotren Ligan lehiatzeko jokoan dauden bi tokiak eskuratzeko.
Sailkapen nagusia
Play-offeko sailkapena