EUSKOTREN LIGAKO PLAY-OFFA
San Juan eta Donostiarra arraunaren maila gorenean lehiatuko dira datorren denboraldian
L. U. | EITB
Emakumezkoen play-offean, San Juan nagusitu da Portugaleteko uretan, eta "Bantxa" ontzia bigarren izan da. Bi jardunaldietako emaitzei erreparatuta eta puntu batuketa eginda, Euskotren Ligan izango dira datorren denboraldian Pasai Donibaneko taldea eta Donostiarra.
San Juan eta Donostiarra ontziko arraunlariak garaipena ospatzen Argazkia: EFE
Emakumezkoen arraunaren maila gorenera igotzeko Portugaleteko uretan jokatutako bigarren eta azken estropadan, San Juan nagusitu da, Donostiarrak baino 3 segundo gutxiago, Zarautzek baino 8 gutxiago, Chapelak baino 15 gutxiago eta Tiranek baino 30 gutxiago eginda.
Play-offeko 1. jardunaldian, Bermeon, Donostiarra nagusitu zen erlojupeko parekatuan, 2 segundo baino gutxiago aterata San Juani, 4 segundo Zarautzi, 23 segundo Chapelari eta 44 Cabori. Horrela, Bantxa trainerua puntu abantailarekin atera da bigarren jardunaldian.
Lehenengo ziabogan, San Juan eta Zarautz izan dira nagusi, 05:14ko denbora eginda, Donostiarra, Chapela eta Tiranen aurretik; izan ere, Donostiarrak 05:16ko denbora egin du. Chapelak eta Tiranek, berriz, 3 eta 8 segundo gehiago behar izan dituzte hurrenez hurren.
Bigarren eta azken luzean, ostera, San Juanek aldea handitu du, eta denborarik onena egin du helmugan: 10 minutu, 34 segundo eta 04 ehunen. Donostiarrak ere estropada ona egin du, baina 3 segundo gehiago behar izan ditu. Irabazleak 8 segundo atera dizkio Zarautzi, 16 Chapelari eta 30 Tirani.
Play-offeko bigarren jardunaldiko sailkapena
Bi jardunaldietako emaitzei erreparatuta, eta puntu batuketa eginda, San Juanek eta Donostiarrak 9 puntu pilatu dituzte, Zarautzek 6, Chapelak 4 eta Tiranek 2.
Play-offeko sailkapen nagusia
Ondorioz, San Juan eta Donostiarra Euskotren Ligan lehiatuko dira datorren denboraldian. Zarautz, Chapela eta Tiran, aldiz, ETE Ligan arituko dira berriro.