Itxi

Bosgarrenez jarraian

Kaikuk irabazi du Bizkaiko Txapelketa

J.L. / L.E.

Bizkaitarra ontzia Portugaleteri, Urdaibairi eta Santurtziri gailendu zaizkie Lekeitioko uretan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kaikuk Bizkaiko Arraun Txapelketa irabazi du Lekeitioko uretan, azken asteetako bolada txarrari amaiera emanda.

Sestaoko ontzia zaurituta zegoen, baina bizirik. Igandean Ligako lidertza galdu zuen, trabatuta ibili zen balizetako batean eta denboraldia okertzen ari zitzaion. Gaur, Lekeition, urak bere onera etorri dira. Portugalete, Zierbena, Bermeo eta Kaiku lehiatu dira, hurrenez hurren, txanda nagusian.

Bizkaitarra ontziak lehenengo paladatik hartu du aurrea. Lehenengo ziabogan lau segundo atera dizkio Portugaleteri eta sei Bermeori. Hortik aurrera, Portugaletek baino ez dio eutsi Kaikuri. Aizperrok, kupoen mugarik gabe, trainerurik onena uretaratzeko aukera izan du gaur eta maila eman du.

Bigarren ziabogan zazpi segundora Jarrillera eta Urdaibai oso atzean gelditu da. Azken maniobra hamar segundo aurretik egin du Kaikuk baina azken luzean estu hartu du Portugaletek aurreneko kaletik Bizkaitarra ontzia eta sei segundo jan dizkio.

Kaiku, beraz, Bizkaiko txapeldun bosgarrenez jarraian eta 13.ez klubaren historian. Portugalete bigarren lau segundora, Bermeo hirugarren 29ra eta Santurtzi, bigarren txandako irabazlea laugarren, 34ra.

Euskadiko Txapelketa

Lehen lau sailkatuak (Kaiku, Portugalete, Urdaibai eta Santurtzi) Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira uztailaren 31n. Bertan Gipuzkoako Txapelketako lehen lau sailkatuak ere izango dira: Orio, San Pedro, Hondarribia eta Koxtape.

Albisteak (1)

Bideoak (1)