Kontxako Bandera
Dena prest dago ostegunean Kontxako Bandera hasteko
Redaccion
Kontxako Bandera eskuratzeko lehia ostegunean hasiko da emakumezkoen sailkapenarekin, ondoren gizonezkoen sailkapena izango da.
2013ko Kontxako Bandera eskuratzeko lehia ostegunean hasiko da. Lehenengo eta behin emakumezko taldeek indarrak neurtuko dituzte asteburuko estropadan parte hartu ahal izateko. Bertan, bederatzi talde arituko dira, eta lauk bakarrik lortuko dute Kontxako Banderaren lehian sartzea.
Sailkapen jardunaldia arratsaldeko bostetan hasiko da. Bertan erabakiko da irailaren 1ean eta 8an zein emakumezko talde lehiatuko diren Kontxako Bandera eta 10.000 euroko saria irabazteko.
Ostegunean, baina, ordu bat beranduago, gizonezkoen txanda izango da. Aurten 24 gizonezko talde arituko dira sailkapen fasean, eta horietatik zazpik bakarrik lortuko dute astebururako sailkapena. Irailaren 1ean eta 8an lortutako denborak kontuan izanda, talde irabazleak Kontxako Bandera eta 24.000 euroko saria eskuratuko du.
2013ko Kontxako Banderaren aurkezpena Donostiako Udaletxean egin da ostiral honetan. Aurkezpenean Juan Karlos Izagirre alkatea, Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara arduradura, Alberto Rodriguez Kutxabankeko babeslegoen arduradura eta Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuen zuzendaria egon dira. Denek nabarmendu dute Donostiako estropada hauetan emakumezkoen presentziak duen garrantzia.
Kartela
Donostiako Bandera iragartzeko kartela Iñigo Garvik irabazi du. Iñigo Garvi arkitekto teknikoa da, eta 2011. urtean Donostiako Aste Nagusiko kartelaren egilea izan zen. Kartelaren izena 'Koloreen festa' da, eta Donostiako Aquariuma erakusten du parte hartzaile desberdinen kolorez zipriztinduta.
Sailkapena eta Kontxako Banderako estropada guztiak Euskal Telebistan eta eitb.com-en jarraitu ahalko dira.