San Miguel Liga
Basque Country Banderak irekiko du arraun denboraldia, Bartzelonan
Erredakzioa
Kataluniako hiriburua 'Euskadiren erakusleiho handia' bihurtuko da ekainaren 29an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bartzelonak TKE Ligako lehenengo jardunaldia hartuko du, ekainaren 29an, II Euskadi Basque Country Banderarekin. San Miguel Ligako eta taldeetako ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Itziar Epalzak, aurkeztu dute bandera Bilbon.
Traineru Kluben Elkarteko gerenteak, Iñaki Mikeok, esperientzia errepikatzeko gogoak agertu ditu, iazko edizio arrakastatsuaren ostean, eta ikusleentzako tokia hobetuko dutela agindu du.
Zozketa bidez erabakiko dira hamabi traineruak arituko diren hiru txanden ordena eta konposaketa, Ligako lehenengo jardunaldia delako.
Urdaibai garailea izan zen iaz. Horrekin batera, hurrengoak arituko dira San Miguel Ligan: Kaiku, Portugalete eta Zierbena bizkaitarrak; Orio, Hondarribia, San Juan eta San Pedro gipuzkoarrak; Pedreña eta Astillero kantabriarrak, eta Tiran eta Cabo da Cruz galiziarrak.
"Asteburu horretan Euskadi Bartzelonan protagonista izateko aitzakia izango da", esan du Epalzak. Hilaren 26 eta 29aren artean egingo dira ekitaldiak, euskal kostaldea eta itsasoko kirolak sustatzeko helburuarekin.