Emozio handiko asteburua
Bermeon eta Portugaleten erabakiko dira liga eta playoffa
Erredakzioa
Lau traineru lehiatuko dira asteburu honetan San Miguel Ligara igotzeko txartel bakarraren bila: Samertolameu, Getaria, Amegrove eta Zumaia.
Asteburu honetan erabakiko da San Miguel Liga. Bermeon eta Portugaleten jokatuko dira denboraldi honetako azken bi hitzorduak.
Hondarribiak liga ia erabakita utzi zuen Bilbon jokatutako estropadan, eta gipuzkoarrak dira koroa eskuratzeko faborito nagusiak. Ama Guadalupekoak 183 puntu ditu, Oriok baino zortzi gehiago, eta Kaiku dago hirugarren postuan, 174rekin.
Igotzeko playoffa
Asteburu honetan, igotzeko playoffa ere jokatuko da. Lau hautagai daude postu bakarrerako: Galiziako bi eta Gipuzkoako beste bi.
Bermeo eta Portugaleteraino LGT-A eta KAE-1eko txapeldunak helduko dira: Samertolameu Rodman Group eta Getaria Indaux Viveros San Anton. Horiekin batera, Amegrove eta Zumaia arituko dira.
Entrenatzaileen arabera, parekotasun handia egongo da lau ontzien artean. Beti bezala, erlojupeko formatuan jokatuko dira.