Kontxako Bandera
Hondarribiak irabazi du Kontxako Bandera, amaiera estu batean
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Arraunlariek lehia handiko ikuskizuna eskaini dute 2018ko Kontxako Banderaren egun erabakigarrian. Urdaibaik egin du jardunaldiko denborarik onena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hondarribiak irabazi du Kontxako Bandera, Zierbenarekin buruz buru izandako amaiera estu batean. Ehunen batzuk zituen bere alde Zierbenak, iragan asteburuko aurreneko jardunalditik, baina gipuzkoarrengandik segundo bat eskasera gelditzearekin konformatu behar izan du azkenean.
Ama Guadalupekoa traineruak ez du gupidarik izan, eta esku artean zuen dena eman du hasieratik. Egurrean atera da, eta Zierbena ez da gutxiago izan, bere parean egin baitu estropada guztia; Hondarribiaren malgutasun punturen bat aprobetxatzen saiatu dira zierbenarrak.
Arestian esan bezala, elkarren artean egin dute aurrera gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, bai joanekoan baita bueltakoan ere, biek ala biek erakustaldi bikaina emanez. Patroiek ondo neurtu behar izan dituzte indarrak itsasoa zertxobait harrotzen eta haizea zertxobait jotzen hasi denean. Horren aurrean, berriz, teknika eta indarra baliatu behar izan dituzte garaipena lortzeko bidean aurrera egiteko.
Amaiera leherkorra
Hondarribia eta Zierbena Santa Clara uhartearen parean batena sartu dira azken metroetan, eta esprintean argitu da txapelduna, azken metroetan. Zierbenak alde txikia zuen lehen jardunalditik Hondarribiaren kaltetan, baina gipuzkoarrek alde hori gainditzea lortu dute.
Historia egin dute Hondarribiko mutilek Donostiako kaian, 2013an egin zuten bezala, oraingoan aurkariari segundo bat baino gutxiagoko aldea aterata izan bada ere, eta poztasun ederra eman diete zaleei 2018ko bandera eskainita.
Aurreneko txandan ere, lehia
Bigarren jardunaldi honetako aurreneko txandan Urdaibaik eta Oriok ere erakustaldi bikaina eman dute, eta Bermeok egin du bigarren jardunaldiko denborarik onena. Urdaibaikoek, baina, zigorra jaso zuten aurreko jardunaldian Zierbenarekin palak jo zituztelako, eta azkenaren denbora berarekin abiatu ziren. Bestalde, Orio (Kontxako iazko irabazlea) izan dugu txanda honetan bigarren, eta Donostiarra izan da hirugarren, eta San Pedro, laugarren.
Hona hemen Kontxako bigarren jardunaldiko sailkapena:
Hona hemen 2018ko Kontxako Ikurrinako sailkapen nagusia: