Kontxako Bandera
Orio eta Hondarribia faborito nagusi dira, lehen jardunaldian
Agentziak | Erredakzioa
Eguraldiak eta itsasoaren egoerak lehia baldintzatu dezakete: metro inguruko olatuak espero dira eta, ondorioz, estropada eremuak zeresana ematea espero da.
Orio Eusko Label Ligako egungo txapelduna eta Hondarribia, iazko Kontxako edizioko garailea, faborito nagusi dira igandean jokatuko den Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Hala ere, ikusmina dago Ondarroak zer egingo duen ikusteko, sailkatze estropadan denborarik onena egin ostean.
Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko lehia izango da, kantabriarrek eta galiziarrek ez baitute sailkatzea lortu. Horrela, Donostiarra, Orio, Hondarribia, Ondarroa, Santurtzi, Kaiku, Urdaibai eta Zierbena ontziak izango dira protagonista, Kontxako Badiako uretan.
Emakumezkoen estropadak, berriz, 12. edizioa jokatuko du eta Orio da denborarik onena egiteko faborito nagusia. 'Txiki' ontziko arraunlariak jaun eta jabe izan dira Euskotren Ligan. Donostia Arraun izango dute aurkari nagusi, donostiarrak euren zaleen aurrean lehiatuko dira eta horrek indar berezia emango die, 24.000 euroko saria lortzeko lehen pausoa emateko.
Eguraldiak eta itsasoaren egoerak lehia baldintzatu dezakete: metro inguruko olatuak espero dira eta, ondorioz, estropada eremuak zeresana ematea espero da. Iragarpenen arabera, egoerak okerrera egingo du orduek aurrera egin ahala, eta litekeena da bigarren txandan aritzen diren ontziek baldintza gogorretan arraun egin behar izatea.