Uztailaren 4an eta 5ean
Coruñako banderak abiatuko du traineru-ligen denboraldi ezohikoena
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Label eta Euskotren txapelketak abiatuko dira larunbat eta igandean Galiziako uretan.
Traineru-txapelketa nagusiak, gizonezkoen Eusko Label Liga eta emakumezkoen Euskotren Liga, larunbat honetan jarriko dira abian, Coruñako IV. Banderarekin, koronabirusaren pandemiaren eraginez prestatze-fasean izandako hiru hilabeteko etenaldia gainditu eta gero.
Osasun-egoerak hobera egin duenez, banku finkoko arraun-lehiaketek duela aste gutxira arte airean egon den denboraldiari ekin ahal izango diote, eta, gaixotasunaren bilakaera bide beretik badoa, iraileko hirugarren asteburura arte luzatuko dira.
Gizonezkoen 12 taldeek eta emakumezkoen lauek hiru astez besterik ezin izan dute entrenatu uraren gainean (galiziarren kasuan, bi), baina oztopo hori albo batera utzi eta larunbat honetan emango dituzte lehen paladak Riazor hondartzako uretan.
Gizonezkoetan, Oriok aurreko denboraldian lortutako titulua errepikatu nahiko du. Dena den, ziurgabetasun handia dago taldeek eskain dezaketen errendimenduaren inguruan, eta, ondorioz, oso txapelketa irekia izatea espero da. Hala, oriotarrekin batera Hondarribia, Zierbena eta Santurtzi egon daitezke nor baino nor gehiago. Urdaibai, aldiz, zalantza handiena izan daiteke, joan zen denboraldian gauzatu zuen denboraldi kaskarraren ostean.
Donostiarrak aurrerapausoa eman nahi du eta banderengatik borrokatu. Ondarroak, Cabok eta Kaikuk ere, hasiera batean behintzat, ohorezko txandan sartzeko ezustekoa emateko aukerak izan ditzakete.
Behealdean, berriz, Lekittarrak eta Ares eta Zarautz igo berriek mailari eusteko hautagaiak dirudite.
Joan zen astean egindako txanden zozketaren arabera, Aresek, Donostiarrak, Ondarroak eta Oriok osatutako lehen jardunaldiko hasierako txanda, 18:00etan. Bigarrenean, Lekittarra, Santurtzi, Cabo eta Zarautz arituko dira arraunean, eta hirugarrenera arte itxaron beharko dute Hondarribiak, Kaikuk, Urdaibaik eta Zierbenak.
Ordu erdi lehenago, 17:30ean, emakumezkoen Euskotren Ligako lehen jardunaldia jokatuko da. Orioko ontziak, 2019ko txapeldunak, Donostia Arraun, Donostiarra eta Hondarribia izango ditu aurkari.
Igandean, banderaren bigarren jardunaldiarekin izango dute hitzordua arraunlariek, 11:30etik aurrera. Larunbateko zein igandeko jardunaldiak ETB1etik eta eitb.eus-etik izango dira ikusgai zuzen-zuzenean.