Itxi

Eusko Label Liga

Santurtzi gailendu da Coruña Hiriko Banderan

eitb.eus

Leer en Castellano

Soterak erregulartasun handia erakutsi du Galizian jokatutako bi jardunaldietan, eta garaipena eurek eraman dute bigarren jardunaldian nagusitu den Orioren aurretik.

Santurtzi, ohorezko txandaren amaieran. ETBko emanalditik ateratako bideoa.

Santurtzik irabazi du 2020ko Eusko Label Ligan jokoan izan den lehenengo bandera. Bizkaitarrak oso erregularrak izan dira Coruñako Banderako bi jardunaldietan eta, garaipena partzialak lortu ez arren, bi egunetako denborak kontuan izanda, eurek izan dira azkarrenak.

Ohorezko txandan, hamarren batek eman dio garaipena Oriori, eta gipuzkoarrek irabazi dute bigarren jardunaldia, larunbatekoan Hondarribia nagusitu ostean.

San Nikolas ontziak gutxigatik hobetu du Donostiarrak bigarren txandan egindako denbora bikaina, eta Santurtzik baino segundo bat gutxiago egin du bakarrik. Bizkaitarrek ez dute asteburuan garaipenik lortu, baina bandera Soteraren izena darama.

Estropada eremuko baldintzak gotik behera aldatu dira ohorezko txandan, eta horrek lanak zaildu dizkie bertan lehiatu diren lau ontziei: Orio, Santurtzi, Urdaibai eta Hondarribia. Mikel Orbañanosen ontziak asko nabaritu du aldaketa hori. Larunbatean azkarrenak izan ziren eta gaur, ohorezko txandako motelenak izan dira, nabarmen.

Azken txandak hasiera parekatua izan du baina Oriok aurrea hartu du bigarren ziabogatik aurrera. Donostiarrak baino 7 segundo gehiago egin ditu ziabogan eta zazpi atera dizkio Santurtziri. Momentu horretan, Hondarribia 17 segundo atzerago egon da.

Azken luzean, Orio estropada buruan izan da, baina Donostiarrak baino 14 segundo motelago joanda. Santurtziri bi ateratzen zizkion momentu horretan.

Oriotarrek olatu ona hartu dute eta horrek bigarren jardunaldiko garaile egin ditu, Donostiarrak bigarren txandan egindako denbora 10 ehunekoetan hobetuta. Santurtzi segundo bat geroago sartu da, baina bandera poltsikoan zutela.

Lehenengo txandan, Ares eta Ondarroa pare-parean joan dira lehen luzean, baina ziaboga iristean, galiziarrek, Eusko Label Ligara igo berriak, arriskatu egin dute eta ziaboga ez dute ondo egin. Ondorioz, Ondarroaren erreferentzia galdu dute eta Kaikuk aurreratu egin ditu. Zarautz oso atzean zetorren.

Ondarroak estropada polita egin du, eta, lehen txandan egindako denborari esker, banderako sailkapen nagusian laugarren geratu dira.

Albisteak (3)