Euskotren Liga
Donostiarra ontziak Orioren nagusitasunarekin amaitu du Zierbenan
EITB.eus
Ziabogan Orioren atzetik izan badira ere, sei segundoko galduta, bigarren luzean estropadari buelta emateko ahalmena erakutsi dute 'Torrekua I.a'-ko ontzikoek.
Donostiarra Arraun Elkarteak bereganatu du igande honetan lehiatu den Euskotren Ligako Petronor Banderaren VI. edizioa, orain arte Oriok azaldutako erabateko nagusitasunari aurre eginez.
Bi luzetara lehiatutako estropadan, 'San Nikolas' ontziak agintzen ekin dio lanari, eta bazirudien laugarren garaipena jarraian eskuratu behar zutela horiek; izan ere, ziabogara heldu direnean, sei segundoko tartea ateratzen zioten 'Torrekua I.a' ontziari, zortzi Hondarribiari eta hamaika Arraun Lagunak taldeari.
Alabaina, bueltako luzean donostiarrek atzetik aurrerako ikusgarria egin dute, eta ziabogan izandako kontrako zuloa goitik behera irauli dute. Hala, helmugara iritsi direnean ia bi segundoko tartearekin sartu dira Natalia Tubioren aginduetara aritu diren arraunlariak 10:50,44 denbora markatuz.
Horrenbestez, irabazleen ostean oriotarrak sartu dira bigarren postuan, 1,64 segundoko galerarekin (10:52,08). Hirugarren tokia Arraun Lagunak traineruak (11:05,30) eskuratu du, eta Hondarribia izan da azkena (11:06,64).
Petronor Banderaren sailkapena, Euskotren Ligan. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutako irudia