Covid-19agatik
Hauek dira 2020ko Kontxako Banderarako ezarritako neurri berezi berriak
eitb.eus
Koronabirusaren transmisioa saihesteko asmoz, Donostiako Udalak aldaketa batzuk ezarri ditu aurtengo ediziorako.
Donostiako Udalak aldaketa batzuk egitea erabaki du aurtengo Kontxako Banderaren ediziorako, COVID-19aren hedapena prebenitzeko helburuarekin.
Erabaki zorrotzena irailaren 6an eta 13an jokatuko diren bi jardunaldiak zein irailaren 2an (asteazkena) eta 3an (osteguna) lehiatuko diren bi sailkapen estropadak "ikuslerik gabe" egingo direla.
Hartara, Udalak proba jarraitu daitekeen lekuetara sartzea galaraziko dio jendeari, hala nola Pasealeku Berrira, Urgull mendira, portura, Kontxako pasealekura eta Santa Klara uhartera, jardunaldi horietan izaten diren ohiko pilaketak saihesteko.
Era berean, beste erabaki hauek ere hartu dira:
- Ez da garraio publikoko zerbitzu berezirik eskainiko Dbus, Euskotren, Renfe eta Lurraldebus zerbitzuetan.
- Estropada itsasotik jarraitzeko mugak egongo dira: Kontxako badian ainguratzerik edo amarratzerik ez duten ontziek ezingo dute badiara sartu. Ondorioz, beste portu batzuetatik datozen ontziak ezin izango dira sartu.
- Estropada jarraitu ahal izango da ziaboga egiten den kanpoko balizetatik, baina ez da onartuko azken txandaren ondoren ontziek traineruen atzetik joatea badiaren barrualderaino.
- Banderak, irabazleak bereizten dituen garaikur preziatua, badiaren erdian emango dira ontzi ofizialetik, eta ez portu ondoan, beste batzuetan bezala.
- Aurtengo edizioak 14 ontzi izango ditu emakumezkoen kategorian (hasiera batean, 15 izan behar zuten, baina Deustuko Arraun Elkarteak uko egin dio parte-hartzeari koronabirus kasu bategatik) eta 24 gizonezkoetan, 31 klubekin.
- Sailkapen jardunaldia bi egunetan banatu da: emakumezkoena, irailaren 2an, asteazkenean, izango da, 17:30ean; gizonezkoena, berriz, biharamunean, irailaren 3an, ordu berean.-
- Irailaren 6ko eta 13ko jardunaldiak, bestalde, ordubete aurreratuko dira. Hau da, 10:00etan hasiko dira arraunean emakumezkoak, eta 11: 00etan, gizonezkoak.
- Azkenik, sariaren kopuru ekonomikoa 85.425 eurora igoko da aurten modalitate bakoitzerako; ondorioz, 25.000 euroko saria eta Bandera entzutetsua egokituko zaizkie lehen postuan sailkatutako eskifaiei.