Edinor Bandera
Orio, garaile Zierbenan eta Euskotren Ligako lider berria
A. A. | EITB MEDIA
Nadeth Agirrek zuzentzen duen taldeak bueltako luzean hartu du estropadako burua, Donostiarrarekin batera lehian, eta azkenerako horiak nagusitu dira segundo bat baino gutxiagoko aldearekin.
Oriok bereganatu du igande honetan Zierbenako uretan jokatu den Edinor Banderaren lehen edizioa, Euskotren Ligako laugarren jardunaldian.
Joaneko luzeran ez dira izan horiak estropadaren agintea eraman dutenak, baizik eta Arraun Lagunak eta Donostiarra traineruek. Hala, batak zein besteak parekatuta egin dute ziaboga 5:33ko denborarekin. Ondoren, 2 segundora oriotarrek maniobratu dute, eta atzerago Hondarribia sartu da, 4ra.
Aitzitik, bueltako luzean, Nadeth Agirrek gidatzen duen taldeak estropadako burua hartu du 800 metroren faltan. Hortik aurrera Donostiarrarekin batera lehia estua izan dute, eta azkenerako horiak nagusitu dira 10:49ko denborarekin (segundo bat baino gutxiagoko aldea atera diote Donostiarrari, 54 ehuneneko, hain zuzen ere).
Haien atzetik atzoko irabazle Arraun Lagunak sartu da hirugarren lekuan 4 segundora. Azken postua Hondarribiarentzat izan da, 11 segundoko atzerapenarekin.
Garaipen horrek sari bikoitza ekarri die oriotarrei, Euskotren Ligako lidertza bereganatu baitute 13 punturekin, nahiz eta Donostiarra traineruak ere puntu kopuru bera izan.
Edinor estropadako denborak:
Edinor Banderako denborak. Argazkia: EITB
Euskotren Ligako sailkapen nagusia
Euskotren Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB