Eusko Label Liga
Hondarribiak irabazi du Caixabank Bandera
EITB MEDIA
Erakustaldia eman dute ohorezko txandan eta 10 segundo atera dizkiote bigarren izan den Oriori. Zierbenak ez du estropadan parte hartu arraunlari batek Covid-19an positibo emateagatik.
Hondarribiak denboraldiko lehen bandera irabazi du Castroko uretan jokatutako ligako 7. jardunaldian aise gailenduta. Gipuzkoarrek denboraldiko bigarren garaipena lortu dute eta erakustaldia eman dute txanda nagusian, jaun eta jabe izan baitira.
Ama Guadalupekoa ohorezko txandako traineruen artean azkarrena izan da. Hiru traineru aritu dira bakarrik txanda nagusian, Zierbena azken orduan kanpoan geratu baita arraunlari batek Covid-19agatik positibo eman ostean. Galipoek 9 puntu lortu dituzte gaur eta bihar beste 9 gehituko dituzte, Lekeition lehiatu ez arren, hori baita lehen sei jardunaldietan lortutako puntu konpuruaren batez bestekoa.
Hondarribia ez du aurkaririk izan txanda nagusian. Euskadiko txapelduna bigarren luzean jarri da estropadaren buruan eta posizio horri eutsi dio bukaera arte, azken luzean batez ere aldea nabarmen handituz. Orio bigarren izan da ia 10 segundora eta hirugarren postua bigarren txanda irabazi duen Donostiarrarentzat izan da. Traineruek estropada oso teknikoa egin behar izan dute, haizearen eta korrontearen indarraren ondorioz.
Santurtzi Eusko Label Ligako liderra hirugarren izan da ohorezko txandan eta laugarren estropadako sailkapen nagusian, Hondarribiak baino 20 segundo gehiago eginda.
Lehenengo txandan, berriz, Ares izan da azkarrena, 21:13ko denbora eginda, Lekittarraren, Tiranen eta Zarautzen aurretik.
Caixabank Banderako sailkapena
Eusko Label Ligako sailkapena 7 jardunaldiren ostean