Play-off
Tolosaldea, Kaiku eta Getaria Euskotren Ligarako eta Eusko Label Ligarako igoera fasean izango dira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emakumezkoetan, Deustu edo Hibaika ETE Ligako txapeldunarekin batera izango dira igoera fasean. Gizonezkoetan, aldiz, Eusko Label Ligako sailkapenean azken-aurreko trainerua zein den jakitea bakarrik falta da.
Tolosaldea, Getaria eta Kaiku Euskotren Ligarako eta Eusko Label Ligarako igoera fasean izango dira. Emakumezkoetan, Deustu edo Hibaika izango dira ETE Ligako txapeldunarekin batera. Gizonezkoetan, aldiz, Eusko Label Ligako azken-aurreko sailkatua nor den jakitea bakarrik falta da. Oraingoz, Tiran izango litzateke igoera fasean.
Emakumezkoak
Tolosaldea traineruak Euskotren Ligaren igoera faserako txartela ziurtatu du. Izan ere, Ane Aizpuru Basterretxearen Oroimenezko I. Estropada irabazita, ETE Ligako txapeldun bihurtu dira gipuzkoarrak.
Estropada baten faltan, Deusturen eta Hibaikaren artean erabakiko da bigarren sailkatua datorren larunbatean, Erandion. Horiekin batera, Hondarribia, lehen mailako sailkapenean azkena, eta Galiziako Ligako trainerurik onenak ere igoera fasean izango dira.
Igoera faseko estropadak irailaren 18an eta 19an izango dira, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren.
Gizonezkoak
Kaikuk irabazi du Bilbo Hiriko Bandera, eta Eusko Label Ligarako igoera fasean parte hartuko du, Getaria txapeldunarekin batera.
Horiekin, Eusko Label Ligako azken-aurrekoa (oraingoz, Tiran) eta Samertolameu eta Bueu galiziarrak izango dira igoera fasean.