Kontratu luzatzea
Osertz Aldayk 'Lekittarra' zuzentzen jarraituko du beste denboraldi batez
A. A. | EITB MEDIA
Entrenatzaile eta arraunlari hondarribiarra 2016an iritsi zen Bizkaiko taldera, eta, hartara, 7 urte beteko ditu Lekeitioko ontziari lotuta.
Osertz Alday hondarribiarrak beste denboraldi batez jarraituko du Lekittarra ontziko entrenatzaile lanetan. Bizkaiko klubak Facebooken duen kontu ofizialaren bidez larunbat honetan jakitera eman duenez, Aldayk beste urtebeterako berritu du "Isuntzako mutilen senior trainerua" zuzentzen jarraitzeko.
Teknikari eta arraunlari gipuzkoarra 2016an iritsi zen Lekittarrara, KAE ligan arraunean ari zela. 2018an, Euskolabel Ligara igo zuen Isuntza, eta bertan jardun du azken hiru denboraldietan, mailari eusteko helburua erdietsita.
Horrenbestez, Aldayk 7 urte beteko ditu Lekeitioko klubari lotuta.